John Dealer & The Coconuts, bost urteko ibilbide sendoa diskoan bilduta
Talde legazpiarrak hirugarren lana kaleratu berri du, 'Red light stories'. Euskaraz dira bi abesti. Kontzertuak emateko irrikitan daude musikariak
Disko berria kaleratu du Jonh Dealer & The Coconuts taldeak. Red light stories du izenburua, eta CD formatoan, hainbat tokitan dago salgai, baita entzungai ere Interneteko musika plataformetan. Duela bost urte Iñaki Ormazabalek, Andoni Dominguezek, Noel Calvok eta Iñigo Caballerok sortu zuten musika taldearen hirugarren lana da.
Zortzi abestiz osatutako diskoa da Red light stories, eta tituluan bezala eta aurreko bi lanetan bezala, ingelesa da nagusi abesti horien letretan ere. Oraingoan, ordea, jarraitzaileen eskariari erantzunez eta «beste ukitu bat» zuten abestiak izanda, euskarari ere tartetxo bat egin diote eta Bukatu da eta Ez gara ezer gogor ari dira borrokan ingelesez abestutako gainerako gaien gainetik jartzeko.
Duela oso gutxi kaleratutako lana izan arren, «harrera ona» izan du diskoak Noel Calvok azaldu duenez. Momentuz Legazpiko Karibe Zaharra tabernan eta Hizkuntza liburu dendan dago salgai 10 euroren truke, eta Spotify eta Youtuben ere entzun daiteke. Taldearen sare sozialetan ere eskuratu daiteke.
Entsegu gogorrak
Bost urteko ibilbidea duen taldea da John Dealer & The Cocunuts eta Calvok dioenez, azken lan honetan «oso nabariak dira egin ditugun kilometro horiek». Urte horietan zehar eta hasiera-hasieratik zuzenean emandako kontzertu mordoak «rock&rollaren mundu honetan gu musikari bezala heztea eta heldutasun batera iristea ekarri du», eta hori agerian geratu da disko honetan.
Koronabirusa tarteko, berezia izan da lan berria kaleratzeko prozesua. Iazko urtarrilerako prest zituzten abestiak, eta txanda hartuta ere bai estudioan grabatzera sartzeko, uztailerako hain zuzen. Baina konfinamenduan ezin izan zuten entsaiatu, eta gero ere, Subeltzako lokalek tarte batean itxita jarraitu zutenez, pabilioi batean sartu behar izan zuten abestien azken prestaketak egiteko. «Hilabete bat izan zen, eta jo eta su aritu ginen zortzi abesti horiek entsaiatzen, baina izugarrizko etekina atera genion lan horri, eta estudiora oso ondo iritsi ginen».
Beasaingo Pottoko estudioan grabatu dute Red light stories. «Fredi Pelaezen estudioa da, eta bigarren diskoa ere han grabatu genuen eta oso gustura geratu ginenez, errepikatzea erabaki genuen», azaldu du Calvok. «Guk ezagutzen dugu, berak ezagutzen gaitu, eta oso erraza izan da grabazio prozesua».
Plazara itzultzeko gogoz
Diskoa esku artean dute dagoeneko eta emaitzarekin «oso pozik» daude. Orain, hurrengo pausoa emateko zain daude, hau da, publikoaren aurrean aurkeztea, baina hori oraindik urruti ikusten dute.
Kontzertuak emateko «kristoren gogoa» dutela aitortu du Calvok. Izan ere, John Dealer & The Coconuts asko aritua da plazan, eta publikoaren aurrean jotzea faltan sumatzen dute. Hori bai, lehen bezala jotzea nahi dute, «pandemia garaiko kontzertuak oso bereziak izan direlako», eta nahiago dituztelako ohiko formatudunak.
Konfinamenduaren aurreko asteburuan eman zuten hain zuzen horrelako azken kontzertua, Gasteizko Helldorado aretoan, Bilboko Azkena Rock jaialdian jotzeko aukera ematen zuen lehiaketaren final erdiko kontzertua izan zen hura; ez zuten lortu finalerako pasea, baina oso pozik geratu ziren egindako bidearekin.