Josu Okiñena piano jotzailea eta Gillen Mungia tenorea, igandean
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Etxepare institutuak antolatutako Batura zikloaren barruan joko dute, igandean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Etxepare institutuak Batura zikloa antolatu dute, euskal musika klasikoa eta nazioarteko errepertorioa batzeko. Zumarragako Udalak egitasmo honekin bat egin du eta kontzertuetako bat Zumarragan izango da. Igande honetan Gillen Mungia tenoreak eta Josu Okiñena piano-jotzaileak kontzertua egingo dute Zelai Arizti aretoan. 13:00etan izango da. Faure, Massanet, Aita Donostia, Lavilla, Guridi, Respighi, Tosti eta Leoncavalloren lanak eskainiko dituzte.
Kontzertuaz gozatu nahi dutenek gonbidapena eskatu beharko dute: ostirala arte, 09:30etik 13:30era, Zelai Arizti kultur etxean. Bertako telefono zenbakia 943 72 91 54 da eta helbide elektronikoa, berriz, kultura@zumarraga.eus.
Mungi donostiarrak antzerki lirikoarekin duen konpromisoa errezitaldiekin uztartzen du. Antzoki ospetsuetan abestu du: Comoko Sociale, Modenako Pavarotti, Trevisoko Comunale, Tenerifeko Opera, Seuleko Arts Center, Albaniako Opera Nazionala eta Boloniako Comunale, besteak beste. Sony Classical etxearekin Lexia diskoa argitaratu du eta Okiñenarekin Aita Donostiaren Gabon kantak grabatu ditu.
Okiñenari dagokionez, EHUren saria jaso du Aita Donostiari buruz egin duen ikerketagatik. Xuxuriak diskoan azken urteotan berreskuratutako 25 kanta grabatu ditu eta ondoren mundu osoan zehar ezagutzera eman ditu.
Igande honetako kontzertuan, Mungiak eta Okiñenak Euskal Herriko eta atzerriko konpositoreen piezak joko dituzte. Publikoari modu hurbil, atsegin eta didaktikoan eskainiko dizkiete.