Ostalariek neurriak "bidegabeak" eta "onartezinak" direla salatu dute
Beasaingo ostalariek 'Danborrada' egin dute. Jai girorik ez, ordea. Haserrea eta ezinegona nabaria zen, erru guztiak eurei leporatzen dizkietela sentitzen baitute
Beasaingo ostalariek “benetako konponbideak” eskatu dituzte. Ostalariek egungo neurriak “bidegabeak” eta “onartezinak” direla azpimarratu dute. “Neurriek honakoa besterik ez dute ekarri: lanpostuen ezegonkortasuna; lanpostu askoren suntsipena; urte askotan sufritzen egon diren saltokien itxiera; famili askoren miseria; hainbeste borrokatu ondoren beraien negozioen hondamendia ikusi duten ostalarien buru-hiltzea…”, zerrendatu dute. “Neurri hauek ez ditugu guk, ostalariok, bakarrik pairatzen, enpresa txiki eta autonomo guztiei eragiten diete. Eta baita gure langileei ere”. Hala, merkatariei protestetan bat egiteko deia egin diete. “Kalean egunero borroka egitera beharturik gaude, gure indar guztiak batuz, Eusko Jaurlaritzak eta udaletxeek beraien ardura bere gain hartu eta benetako konponbideak eskaintzen hasi arte”. Presio egiteko tanborrada antolatu dute kioskoaren bueltan eta hainbat herritarren babesa ere jaso dute. Danborren tokian, ordea, garagardo barrilak, zartaginak, kazuelak… zituzten, euren lanabesak. San Sebastian martxa ere jo dute, bi bider.
Erru guztiak eurei egozten dizkietela kexu dira. “Zer gertatuko litzake eskolan aurkituriko eta kontrolaturiko birusaren agertze bat egongo balitz? Ostalaritzaren itxiera. Eta industrialde batean aurkituriko eta kontrolaturiko birusaren agertze bat egongo balitz? Ostalaritzaren itxiera. Eta Udaletxean gertatuko balitz? Ostalaritzaren itxiera. Eta supermerkatuan izango balitz? Ostalaritzaren itxiera”. “Berdin dio birusaren agertzea ostalaritzatik kanpo bada”, salatu dute.
Emaitza positiboak gaixo dauden pertsonen kopurua baino “askoz ere handiagoa” dela gaineratu dute. “670,42 kasu 100.000 biztanleko. Hau da, zenbaki absolututan, 94 kasu positibo azken 14 egunetan. “Ez dira azken 14 egunetan izandako ’94 kutsatu’; ezta azken 14 egunetan ‘kutsaturiko 94 pertsona’ ere; ezta azken 14 egunetan ‘emaitza positiboa eman duten 94 pertsona’ ere. Pertsona askok frogak errepikatu beharra izaten dituzte, emaitzak berriz positiboak direlarik”.