Parke sarea hobetzeko prozesuaren barruan inkesta egingo dute Ordizian
Ordiziako Udalaren webgunean osatu ahalko da inkesta, otsaileko lehen hamabostaldian. Parkeen erabilera ohiturak, indarguneak eta gabeziak detektatzea da helburua
Ordiziako parke sarea eraberritu nahian dabil udala eta erabiltzaileen iritzia jaso nahi du lehenik. Hala, iragan abenduan abiarazi zuten herriko parke sarea definitzeko prozesu parte hartzailea, Tipi Gara kooperatibarekin batera. Herriko haurrekin bi saio egin dira jada, haien iritziak, beharrak eta iradokizunak jasotzeko. Egin diren bi saioetan parte hartzea «handia» izan dela helarazi du udalak, «haur eta guraso ugari elkartu ziren».
Orain artekoari otsailean emango diote jarraipena. Hala, online inkesta jarriko dute martxan, Ordiziako Udalaren webgunean. Ordiziar orok parte hartu ahal izango du, adin guztietako pertsonei zuzenduta baitago, parkeak hamarkada desberdinetako pertsonen elkargune direlako. Inkestaren helburua da, parkeen erabilera ohiturak, indarguneak eta gabeziak detektatzea. Lehenengo hamabostaldian egingo dute. Ordiziako eskoletako haurrek ere parte hartuko dute, galdetegi bidez haien iritzia ere jasotzeko.
Ekaina arte eta hiru fase
Parke sarearen egitura orokorra, parke bakoitzaren izaera eta diseinurako irizpideak, eta sarearen barruan egongo diren parkeen arteko konexioak eta ibilbideak kontuan hartuko dituen prozesu honek, urte erdiko iraupena izango duela iragarri du Ordiziako Udalak; beraz, ekaina ingururako amaitzea espero dute.
Denbora horretan hiru fasetan garatuko dute prozesua: lehena, diagnostikoa izango da; bigarrena, parke sarearen izaeraren definizioa; eta hirugarrena, parkeen diseinurako irizpideak zehaztea eta garatzea.
Biztanle kopuru esanguratsu batek ekimenarekin bat egitea eta herritarrekin komunikazioa indartzea nahi du udalak, horretarako, kanal desberdinak erabiliz. Ordiziako alkate Adur Ezenarrok nabarmendu du, herrian dauden beharrei erantzuna emateko «ezinbestekoa» dela iritziak kontuan hartzea eta horregatik herritar guztiak parte hartzera gonbidatu ditu.