Tripontziaren 2. saria Beasainera
Beasaingo ikastolako kideek saldutako 13.402 zenbakia izan da 2. sariduna eta 1.000 euro jasoko ditu serie bakoitzak. Zenbaki irabazlea, berriz, Muxikan (Bizkaia) saldu dute
Gure Eskuk 52.000 euro zozkatu ditu Tripontzia: Burujabetzara bidean komiki digitala erosi duten herritarren artean. Atzo eguerdian egin zuten zozketa Beasaingo Notarioaren aurrean, eta hain zuzen ere, Beasainen gelditu da Tripontziaren zati bat: bigarren saria saldu dute bertan.
Zenbaki irabazlea 20.282 zenbakia izan da eta Muxikan (Bizkaia) saldu dute. 30.000 euroko sari nagusia zenbaki horren Diaspora serieak irabazi du, eta 2.000 euroko sariak eramango dituzte zenbakiaren gainerako serieak dauzkatenek Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Behe Nafarroan, Lapurdin eta Zuberoan. Bigarren zenbaki sariduna, berriz, Beasaingo ikastolako kideek saldu dute: 13.402. 1.000 euro jasoko ditu zenbaki horren serie bakoitzak.
Gure Eskuk ohar batean adierazi duenez, «gero eta gehiago dira Gabonetan Espainiako Loteria saltzeari utzi, eta Gure Eskurekin elkarlanean, Tripontzia banatzeko hautua egiten ari diren eragileak». Horietako bat da Beasaingo Andramendi Ikastola.
‘Bizkarrezurra’ saioa
Gure Eskuren finantziazio iturri nagusietako bat da Tripontzia. Aurten lortutako irabazien zati bat «euskal kulturgintza ikuspegi estrategiko batetik sustatzeko» proiektu batera bideratuko dute: «Kultur ekosistemako hainbat eragileren arteko elkarlanean oinarritzen da aipatu egitasmoa, eta garatze bidean dagoenez, aurrerago eman ahal izango da xehetasun gehiago».
Hamaika Gara ekimena finantzatzeko ere erabiliko dute beste zati bat: larunbatean, 10:00etatik 12:30era, Bizkarrezurra hausnarketa eta eztabaida saioa antolatu dute, erreferendumaren aldeko ekimen horren baitako urteko plangintza lantzeko eta adosteko. Parte hartzeko izena eman behar da labur.eus/bizkarrezurra helbidean.
Zazpi istorio
Txakur Gorria sortzaileen kolektiboko kide diren Ane Labakak eta Nerea Ibarzabalek idatzitako zazpi istorioz osatutako komiki digitala da Tripontzia: burujabetzara bidean, eta Unai Gaztelumendi diseinatzaile eta ilustratzaileak egin ditu marrazkiak.
Hontza da pertsonaia nagusia eta burujabetza lortzeko bidean erabaki txikiek duten garrantzia islatzen dute istorioek. Zozketan parte hartu dutenek komiki digitala jaso dute.