Aparizioko errotonda berria ekainerako prest egongo da
Errotonda Otegi Gaztañaga enpresak egingo du. Aldundiak 497.000 euroan esleitu du obra. Lanak urtarrila amaieran edo otsaileko lehen egunetan hasiko dira
Gipuzkoako Foru Aldundiak Aparizioko errotonda egiteko obra esleitu du, 497.100 euroan. Sei proposamen aurkeztu dira eta Otegi Gaztañaga eraikuntza enpresaren proposamena hautatu dute. Lanak urtarrila amaieran edo otsaileko lehen egunetan hasiko dira eta ekainean amaitu.
Errotonda Aparizio auzoaren goialdean egingo da, bidegurutzea dagoen tokian. Intxenea izena eman diote. Biribilgune berri horren helburuetako bat Aparizio auzotik auto gutxiago pasatzea izango da. Izan ere, Urretxuko inguru hartan lau bidegurutze eta biribilgune bat daude eta horrek segurtasun arazoak sortzen ditu.
Arriskua
Udala Hirigintza Plana prestatzen ari da eta aldundiari inguru hartan arazoak daudela jakinarazi zion. Bereziki, Kaminpe eta Gurutze Gorriaren postuaren artean dagoen bidegurutzearen inguruan. Izan ere, bidegurutze horrek Zumarraga goialdetik Mugitegira, Legazpira eta Urretxura joateko balio du. Baita Legazpitik eta Urretxutik A-636 autobidea hartzeko ere. Hainbat istripu egon dira eta duela urte gutxi batzuk semaforoak jarri ziren arren, oraindik arazoak daude.
Aldundiak eta udalak alternatiba ezberdinak landu zituzten eta, azkenean, Aparizio gainean (Gurutze Gorriaren postuaren ondoan) dagoen bidegurutzean errotonda bat egitea erabaki zuten. Biribilgune horretatik Mugitegira joan nahi dutenek, erreil bat izango dute beraientzat: Zumarraga aldera irten eta ezkerretara jo ahal izango dute hurrengo bidegurutzean. Egun, bidegurutze horretan ezin da ezkerretara jo. Hala, Irimo enpresaren ondoko bidegurutzea (semaforoak dituena) itxi egin ahal izango dute, ez baita beharrezkoa izango ez Bergarara joateko, ez Mugitegira joateko eta ezta Legazpira edo Urretxura joateko.
Udalaren asmoa bidegurutzea dagoen tokian espaloia jartzea da. Hala, Aparizioko bizilagunak zebrabiderik pasa gabe joan ahal izango dira herrigunera. Egungo biribilgunea, biribilgune berria eta Kaminpe ondorengo bidegurutzea nahikoa izango dira toki guztietara joateko.