Eskuan hamar hatz, zenbatzeko mila modu
Raul Ibañez matematikariak 'Matematicas en tus manos' hitzaldian kultura bakoitzak hatzekin ezberdin zenbatzen duela erakutsiko du. «Matematika gizakion kulturaren parte bat dela defendatzen dut».
Raul Ibañez matematikariak ariketa sinple bat proposatu du: «Zenbatu batetik hamarrera hatzak erabiliz». Bat, bi, hiru…. «Nola egin duzu?», galdetu du. «Hatz txikia igo duzu aurrena ala, erakuslea? Agian hatz lodiarekin pintzarena egin duzu; edo gainazalen bat ukitu duzu». Hatzekin zenbatzeko formak askotarikoak dira eta kultura bakoitzak berea du. Matematicas en tus manos Matematikak zure eskuetan hitzaldian Ibañezek forma bakoitzean sakonduko du. Igartza Jauregian izango da, ostiralean, 19:00etan, Lemniskataren Urtarrila, matematikaren bila zikloaren barruan.
«Bilbon bizi naiz, San Frantzisko auzoan. Kultura anitzeko auzoa da. Kalera jaitsi nintzen eta nola zenbatzen zuten galdezka hasi nintzen: Bangladeshko frutategi batean, Marokoko taberna batean, nigeriarren elkartean… Horrela hasi nintzen», oroitu du. «Hatzekin zenbatzea bezalako gauza sinple batekin kulturen arteko harremanak estutu daitezkeela ikusi dut», gaineratu du.
Orain, pilatutako jakinduria zabaltzen dabil dibulgazioaren bidez: «Matematikak, zientzia bezala, gizakion kulturaren parte bat dela defendatzen dut. Gainera, historia zalea ere banaiz. Matematikaren historia gizakiaren historiaren zati bat bezala ikertzea gustatzen zait. Ezin ditugu bereizi».
Hitzaldian etorkizunari ere begiratuko dio. Globalizazioarekin hatzekin zenbatzeko formen «aberastasuna» galtzen ari dela dio, baina ez du uste desagertu egingo denik: «Forma berriak agertuz doaz. Sistema bitarrean zenbatzeko erak, adibidez».
Ez da ergelen kontua
Hatzekin zenbatzen duena tontotzat jo izan da, baina Ibañezek uste hori baztertu egin behar dela dio. «Hatzekin zenbatzea tresna bat gehiago da. Bakoitzak bere tresnak ditu arazoei aurre egiteko». Jendeari lotsak kentzeko aholkatu dio.