Etxeratze agindua 20:00etan jartzea eta udal konfinamendua eskatu ditu Jaurlaritzak
Jarduerak 19:00etan etetea, eta eremu publikoan eta pribatuan gehienez lau pertsona elkartzea ere proposatu du Espainiako Lurralde Arteko Osasun Kontseiluan. Illak baztertu egin du etxeratze agindua aurreratzea, baina aztertzekotan geratu dira.
Lurralde Arteko Kontseiluan, erkidegoak Espainiako Osasun Ministerioarekin elkartzen diren lekuan, bilera egin dute gaur arratsaldean eta Eusko Jaurlaritzak etxeratzeko agindua 20:00etara aurreratzea eta jarduera guztiak (farmaziak eta gasolindegiak izan ezik) 19:00etarako amaituta egotea eskatu du. Oraingoz, Espainiako Gobernuaren ezetza jaso du oraingoz.
Jaurlaritzaren prentsa oharraren arabera, COVID-19aren kutsatzeek gora egin dutela, eta, “irizpide orokor bat” ezartzea eskatu duela Lurralde Arteko Kontseiluan, erkidego bakoitzak bere egoeraren arabera moldatzeko aukera emango duena.
Jaurlaritzak eskatutako neurriak ondorengoak dira: etxeratzeko agindua 20:00etara eta establezimendu guztien itxiera eta kirol, kultur eta jarduera sozialen amaiera 19:00etara aurreratzea, udalerri guztiak perimetralki ixtea, eta eremu publiko eta pribatuan gehienez 4 pertsona elkartu ahal izatea, bizikideen kasuak salbuetsita.
Bestalde, 14 eguneko intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 500dik gorakoa denean eta udalerriak 5.000 biztanle baino gehiago dituenean, ostalaritza itxita edukitzea eta taldeko kirola galaraztea proposatu du. Eta 5.000tik beherakoen kasuan ere, intzidentzia altuko udalerrietan zein neurri hartu behar diren erabakitzen dutenak osasun zerbitzuak izatea.
Eusko Jaurlaritzak adierazi du neurri horiek otsailaren amaiera arte luzatzea dela hasierako planteamendua, baina “hamabostean behin berrikusita”.
Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak iragarri du aztertu egingo dutela etxeratze agindua aurreratzeko hainbat erkidegok (tartean jaurlaritzak) egin duten eskaera, ondorioz, akordiorik gabe amaitu da Espainiako Osasunaren Lurralde Arteko Kontseiluaren batzarra. Ministroak esan du eskaera onartuz gero, agian jendearen mugikortasuna ordu tarte txikiagoan pilatuko dela, horregatik, “alde onak eta txarrak” izan ditzakeela. Horrekin batera, llak ziur esan du cCOVID-19aren aurka erkidegoek dituzten eskumenekin, alarma egoeran jasotzen direnekin, aurre egin daitekeela hirugarren olatuari.