Ingurumen larrialdiaren aurka ekiteko helburuarekin dator U30 Aldaketaldia
Larreko Mahaiak egin du deialdia eta Landarlan ere batu da, besteak beste. Urtarrilaren 30rako manifestazioa deitu dute Donostian baina Goierrin ere antolatu dituzte hainbat ekintza
Ingurumen larrialdia salatzeko urtarrilaren 30ean egingo den, U30 Aldaketaldia ekimena aurkeztu dute Larreko Mahaia osatzen duten eragileek Landarlan, Eguzki, LAB, ELA, … Donostian. Egun horretan, manifestazioa deitu dute Donostian, Gladys-Enea parketik 17:00etan abiatu eta Boulevarreraino. Ekimen horrekin, «Zaldibarren gertatutako zabortegiaren erorketaren urteurrena gogoratu, eta agintari politikoek, orain pandemiaren aitzakian, eredu ekonomiko eta sozial jasanezinean sakondu eta larrialdi egoera areagotzen jarraitzen duten horretan», beharrezkotzat jo dute «norabide aldaketa sakona exijitu eta trantsizio ekologiko eta sozialki justu baten alde urratsak ematea». Horretarako, «jendartea aktibatu eta saretu nahi» dute, «Globalean pentsatu eta lokalean ekin lelopean». Uste dutelako, «planetari gertatzen ari zaiona gurean hasten dela: gure garraio, hondakin, bioaniztasun, lurralde antolaketa edota ibaien saneamendu politiketan».
Ekintzak Goierrin
Urtarrilaren 30aren bueltan, ekimen desberdinak antolatu dituzte Gipuzkoa osoan zehar, baita Goierrin ere. Datorren larunbatean, hilak 23 izango horietako lehena. Egun horretarako, ibilaldi bat antolatu dute, Ordiziako futbol zelaiko aparkalekutik hasita, Ordizia eta Arama artean doan Amundarain errekara. Erreka hori babestuta dago Europa mailan, Natura 2000 sarearen bidez eta ibilaldiaren bitartez, zati horretako egoera, azken urteetako aldaketak eta etorkizuna aztertuko dute, bi orduko tartean. Gidaria Edurne Huesa izango da, Ingurumen Hezkuntzako hezitzailea eta Landarlaneko kidea. 10:30ean abiatuko dira.
Gainera, urtarrilaren 26an, asteartea, 19:00etan, Ordiziako Barrena Kultur Etxeko Bertso gelan hitzaldia izango da, 5G teknologiaren inguruan. Isabel Moreno, 5Gren luzamenduaren aldeko Estatu eta Euskadi mailako koordinakundearen kideak azalduko ditu luzamendurako arrazoiak eta Asier Arregi geobiologo eta nekazal ingeniariak osasuna eta elektromagnetismoaz mintzatuko da.
Bi ekintza horietan parte hartzeko izena eman behar da: telefonoz (682 463 478) edo epostaz (info@landarlan.eus).