Maite Otxotorenak 'La mensajera del bosque' berrargitaratu du
Bigarren aldi honetan Planeta argitaletxearekin argitaratu du eleberria. Gaurtik aurrera egongo da salgai. Idazleak adierazi du bertsio «indartsuagoa» dela
Ormaiztegin bizi den Maite Otxotorena idazle donostiarrak La mensajera del bosque eleberria berriro argitaratu du. Oraingo honetan, Planeta argitaletxearekin ondu du lana eta gaurtik aurrera egongo da salgai liburu dendetan. 2018an argitaratu zuen lehen aldiz eleberria Amazon plataforman, idazle independente gisa.
«Eraberritutako» bertsio «indartsuagoa» dela adierazi du Otxotorenak: «Eleberriari buelta bat emateko balio izan du, hobetzeko zuena lantzeko». Orain arteko eleberriak bere kabuz argitaratu ditu, eta Planetarekin lan egiteak, jende gehiagorengana iristeko aukera eman dio: «Lantalde profesional batek ematen dizun babesa ezingo nuke lortu egile independente bezala».
Donostiarraren gainerako eleberrien antzera, thriller bat da La mensajera del bosque. Suspentsea da ardatza, eta beldur zertzeladak ere baditu. Halere, idazkera da eleberria berezi egiten duena: «Nik kontatu nahi nuena kontatzeko genero honetan ohikoak ez diren elementuak erabili ditut».
Natura oinarri
Madrilen girotutakoa da eleberria. Cris Stoian protagonista leku arrotz batean esnatzen da bat-batean, gertatu dena ulertu ezinik. Haren anaiaren mezu bat eta mugikor bat aurkituko ditu, eta duen ezinegona ulertzeko bideari ekingo dio.
Stoian protagonista den arren, paper nagusia naturak duela azpimarratu du idazleak: «Jendeari zuzenean hitz egiteko, natura haragiztatuko lukeen pertsonaia sortu nuen». Horren bidez, irakurlea «hunkitzea» eta «astintzea» lortu nahi izan duela adierazi du: «Izan ere, edozer ikustera ohituak gaudela dirudi, ezerk ez gaituela harritzen, eta sentsibilitate hori bilatzeko balio izan dit natura oinarrian jartzeak». 504 orrialdeko lana da eta 19,90 eurotan jarriko dute eskuragarri.
Urte eta erdiko lana
2018an argitaratutako lehenengo edizio horren arrakastaren isla da bigarren edizioa. Lehenengoa burutzeko urte eta erdi behar izan zuen idazleak. Denbora dexente behar izan zuen istorioa nola kontatu erabakitzeko: «Trama konplexua dauka eta denbora asko eman nuen horrela egin ala ez zehazteko».
Promozio lanetan dabil murgilduta Planetarekin orain argitalpena dela eta, baina «proiektu berri bat» darabilki buruan. Oraingoz, aurreratu dezakeen bakarra thrillerra eta suspentsea izango dela eta, aurrenekoz, protagonista maskulinoa izango dela azaldu du.