Adinekoen egoitzetan hasi dira txertoen bigarren txanda jartzen
Gaur Segurako adinekoen egoitzan -hura izan zen lehenengoa- jarri dituzte bigarren txertoak. Datozen bi astean jarriko dituzte gainontzeko erresidentzietan.
Abenduaren 31n jaso zuten Segurako San Joan egoitzako langile eta egoiliarrek aurreneko txertoa. Goierri mailan aurrenekoak izan ziren. Eta haiek izan dira, txertoaren bigarren dosia jasotzen ere lehenak. Gaur jarri diete txertoa 46 egoiliarri eta 14 langileri. Hiru egoiliarrek ez dute txertorik hartu, bi gaixorik daudelako, eta hirugarrenak nahi izan ez duelako.
Gainontzeko egoitzetara datozen bi asteetan iritsiko dira txertoen bigarren dosiak, lehenengotik 21 eguneko epea igarotzen denean. Urtarrilaren 5ean jarri zituzten lehen dosiak Zumarragako Argixao egoitzan, 7an Beasaingo Arangoitin, 8an Ordiziako San Josen, 11n Legazpiko Santikutzen eta 12an Lazkaoko Txindoki egoitzan.