Igartza Musikak jendaurreko kontzertuak eskainiko ditu hilero
Ekainera arteko programazioa osatu dute . Zazpi kontzertu aurkeztu dituzte, baina zortzigarrena lotzear dira .Aldaketetarako prest egon behar dela diote antolatzaileek
Igartza Musika programaren seigarren edizioak aurrez aurreko zazpi kontzertu eskainiko ditu, unean uneko egoerak eta arauek hala uzten badute behintzat. «Beasaingo Udalak iazko martxotik kultur eta musika ekitaldiak antolatzeko konpromisoa hartu zuen. Betiere, bete beharreko segurtasun neurriak betez eta momentu oro bete beharreko betekizunak eskatuz. Oraingoan ere hala izango da», azpimarratu zuen Leire Artola alkateak aurkezpen ekitaldian.
Egitarau «borobila» osatu dute Xabier Sarasola Loinatz Musika Eskolako irakaslearen eta arduradunaren esanetan. «Ez dira kontzertu handiak, baina bai goi mailakoak», gaineratu zuen Xabier Matarranz kultur zinegotziak: Duo Cassadok zabalduko du programazioa, etzi, Igartzako Jauregian; otsailean Imanol Jazz laukoteak hartuko du lekukoa, Usurbe Antzokian. Kontzertu hau iazko programazioan ziren egitekoak baina arazo teknikoak medio bertan behera gelditu behar izan zen eta berreskuratzea erabaki dute; otsailean Igartza Musika Bekako irabazleen txanda izango da, Igartzako Jauregian. Laia Barbera arpa-jotzaileak irabazi zuen gradu mailan eta Maryia Arol soinujoleak, master mailan. Sarasolak aurreratu du Kantika abesbatzaren emanaldia lotu nahian dabiltzala Aste Santuaren aurretik, baina oraindik ezer ez dagoela zehaztuta. «Espektakulu bat da», esanez sartu zien harra entzuleei; apirilean bi kontzertu izango dira, H30 hirukotearena 18an, Igartzako Jauregian, eta Arineketan proiektuarena 25ean, Usurbeko Antzokian. Arineketan Jagoba Astiazaran txistulariak eta Iñar Sastre pianistak abiatutako proiektua da, «tradizioa berritzeko asmoz». Joan Ignazio Iztueta zaldibiarraren melodiak joko dituzte, dantzarien konpainiarekin; maiatzean Francisco Escudero Kontserbatorioko orkestrak joko du Andre Mari Zerutiarraren parrokian; eta, lehen seihilekoa ixteko, Prekusix taldeak emanaldia eskainiko du ekainean, Erauskin plazan.
Edukiera kontrolatua
Emanaldi guztiak 19:00etan aurreikusi dituzte, baina datak gerturatu hala, baliteke, aldatu behar izatea etxeratze agindua aurreratu egiten badute. «Prest egon behar gara azken orduko aldaketak egiteko», esan zuen antolatzaileak. «Iazko esperientziatik zerbait ikasi baldin badugu izan da inprobisazioak ere baduela arrakasta. Bertan behera gelditu ziren hainbat kontzertu ordezkatzeko gai izan ginen», osatu zuen Matarranzek. «Hor Arantxari [Gastesi] eta Xabierri [Sarasolari] eskerrak eman beharrean gaude, beraiek baitute musikariekin zuzeneko kontaktua» aitortu zuen zinegotziak.
Emanaldiak edukiera errazago kontrolatu daitekeen eremuetan egingo dituzte, baina baita ere aire librean. Helburua ahalik eta herritar gehiagorengana heltzea baita, Artolak esan zuenez. Usurben izango diren emanaldietara joateko sarrerak erosi beharko dira, antzokiko leihatilan bertan edo kutxabanken webgunearen bidez. Gainerako emanaldietarako gonbidapenak beharko dira. Udalaren webgunetik eskatu beharko dira.
Egitaraua:
Igandean. Duo Cassado. Igartzako Jauregian, 19:00etan.
Otsailak 19. Imanol Jazz. Usurbe Antzokian, 19:00etan
Martxoak 14. Igartza Musika Bekaren irabazleak, Laia Barbera eta Maryia Arol. Igartzako Jauregian, 19:00etan.
Apirilak 18. H30, Igartzako Jauregian, 19:00etan.
Apirilak 25. Arineketan. Usurbe Antzokian, 19:00etan.
Maiatzak 29. Francisco Escudero Kontserbatorioko Orkesta. Andre Mari Zerutiarraren parrokian, 19:00etan.
Ekainak 11. Perkusix taldea. Erauskin plazan, 19:ooetan.