Koronabirusaren ondorio ekonomikoa eta zorpetzea, aurrekontuen ezaugarriak
Gobernu taldeak atalez atal aurkeztu ditu 2021erako zenbakiak. 11.226.826 euroko aurrekontua osatzeko 893.000 euroko kreditua eskatu dute. Giza arretarena da gastu partidarik handiena
Oraindik 2020ko aurrekontuak erabat itxi gabe daudenean, eta 2021ekoak onartu eta hiru astera, aurten Legazpi gidatuko dituzten zenbakiak aurkeztu ditu udal gobernu taldeak. Koldobike Olabide alkateak eta Maite Lonbide, Amaia Zaldua, Jabier Iraeta, Erik Galvez eta Iñigo Imaz zinegotziek aletu dituzte bakoitzaren ardurapeko ataletarako aurreikuspen ekonomikoak, udaletxean egindako agerraldian.
COVID-19aren ondorio ekonomikoek baldintzatutako aurrekontuak izango dira. Diru sarrerak jaitsi egin dira, eta gastuei aurre egiteko, zorpetzeari heldu behar izan dio udalak, inbertsioak egin ahal izateko 893.000 euroko kreditua eskatuta. Hori batuta, 11.226.826 euroan finkatu dira 2021eko Legazpiko udal aurrekontuak, %1,6ko zorpetze indizearekin. Iazkoekin alderatuta, %0,63 igo dira (70.582 euro).
Gastu handienak
Legazpiko aurrekontuak hiru ataletan banatzen dira, eta herritarrak ardatz dituen Herritartasunak darama zatirik handiena, % 41,2arekin. Ondoren, inguruaren zaintza helburu duen Lurraldearen atala dago, %36,5arekin, eta azkenik, Antolaketak aurrekontuaren %22,3 jaso du.
Atal bakoitza programa edo arlo desberdinetan dago banatuta, eta horietatik giza arretak du partidarik handiena; atzetik, bide publikoen arloa, kirolena, hondakinen kudeaketarena, segurtasun eta orden publikoarena eta administrazio orokorrarena doaz.
Gastuak beste era batera begiratuta, aurrekontuaren %41,32a zerbitzu kontratuetarako da, %34,33a langileriarentzako, %13,05 diru laguntzetarako eta %9,90 inbertsioetarako.