«Presoez gehiegi hitz egiten dela uste dut eta presoekin gutxiegi»
Esti Amenabarrok (Villabona, 1974) haurren eta espetxeen inguruko hitzaldia eskainiko du asteartean, 19:00etan, Igartzako Jauregian. Etorkizunari begira baikorra da, urratsak emateke dauden arren.
Zeri buruz hitz egingo duzu astearteko hitzaldian?
Ama kartzelan duen haur baten kasuari buruz hitz egingo dut, zer nolako zigor erantsia duten jorratzeko. Halere, ikuspegia zabaldu egingo dut aipatzeko kartzelak ez daudela emakumeentzat pentsatuak, are gutxiago ama direnentzat. Covidak zer nolako eragina duen ere aipatuko dut.
Senitarteko bat kartzelan izateak zein puntutaraino baldintzatzen du kanpokoen egunerokoa?
Espetxean senide bat edukitzea, azkenean, bizitza antolatzeko modu bat da, gure kasuan behintzat gure erabaki propioz. Nolabait, pertsona horrekin eraikitzen dituzun loturak distantziatik eraikitzekoak dira. Familian ere graduazio ezberdinak daude, bistan da: ez da berdina bikotekidea izatea, seme-alaba izatea edo lehengusua izatea. Loturak ezberdinak dira eta bizipenak ere bai. Nik uste dut garrantzitsua dela nabardura hori.
Armendariz El Duesoko (Santoña, Espainia) kartzelara aldatu zuten duela lau hilabete. Zuen egoera aldatu du?
Preso politikoen kasuan dispertsioak min egitea zuen helburua, eta min asko egin du. Zergatik? Bada, presoak zigortu nahi izan direla diotelako baina ez delako erreala, gezurra diote. Ez dute Lierni zigortu, gu zigortu gaituzte, senideak. Sakabanaketak aurretik zegoen zigorra gehitu du, baina ez Lierniri, bere semeari. Kasi zortzi urte egon da milaka kilometro egiten astero bere ama ikusteko, berea den eskubidea bermatzeko.
Jende askok galdetu dit ea gustura nagoen gerturatzearekin. Beno. Liernik kondena bat du baina inork ez du zigortu dispertsiora. Gaur egun, dispertsioa aktibatu zuten hainbat pertsonek eta arduradun politikok, zorionez, buelta eman diote planteamendu horri. Nik uste dut konturatu direlako zigortuak izan garela epaituak izan ez garen pertsonak.
Azken hilabeteetan hartutako erabakiak egokiak dira? Nahikoak dira?
Norabide egokian kokatuak daude baina gaur egungo gure gizartearen errealitatean eta herri honetan eman diren urrats politikoek argi adierazten dute bestelako kartzela politika baten aurrean egon beharko genuela. Badaude printza batzuk, baina ez dira nahikoak.
Norabide horretan urrats gehiago egingo direla uste duzu?
Espero dut. Dispertsioa diseinatzeaz arduratu ziren politikari batzuk orain aurka egoteak asko pozten nau. Orain dela 20 urte bezalaxe dispertsioak helburu politikoak zituela pentsatzen jarraitzen dut, senideak zigortzeko eta gure artean halako arrakalak sortzeko. Bistakoa da hala izan dela eta diseinatu zutenek ere hala aitortu dute.
Orain beste eszenario batean gaude. Gure herriak oso urrats garrantzitsuak egin ditu. Orain klase politikoari tokatzen zaio ausartak izatea eta beste espetxe politika bat egitea. Tira, beste espetxe politika bat eskatzen dugunean ez gara ordenamenduan idatzita ez dagoen ezer eskatzen ari, ordenamendu juridikoa betetzea eskatzen dugu. Arauak dio Zaballan (Langraitz Oka, Euskal Herria) amen modulu bat egon behar dela eta presoek ez dutela milaka kilometrora egon behar.
Dispertsioaren auzian senideak bakarrik sentitu zarete?
Euskal Herritar askok babestu gaituzte. Ni oso babestua sentitzen naiz gure komunitate sozial-afektiboarekin.
Gatazkak eragindako zauriak erabat itxi daitezke?
Beti daude minak. Herri baten gatazka politikoetan beti daude minak. Gainera, klase politikoak min asko egin du min horien graduazioak egin dituelako, edo proposatu dituelako. Ez dago minen graduaziorik, bakoitzaren bizipenak daude, bakoitzaren irakurketak. Herri bezala aurrera egin nahi badugu, eta Euskal Herria oso herri konprometitua izan da historikoki, memoria kolektibo ariketa bat egin behar dugu. Enpatiaz jokatzea tokatzen zaigu.
Zentzu horretan, presoez gehiegi hitz egiten dela uste dut eta presoekin gutxiegi. Uste dut espetxeetako patioak oso toki interesanteak direla, heldutasun handiko kontuak hitz egiten direla, gogoeta ezberdinetarako aproposak. Presoekin gehiago hitz egin behar dela uste dut eta ez horrenbeste zurrumurru eta ika-mika faltsu sortu.
Eta Lierni nola dago kartzela aldaketarekin?
Pozik dago, guk dezente kilometro gutxiago egin behar ditugulako eta, nolabait, bere semearekiko gertuago dagoelako. Liernik asko sufritu du guregatik dispertsioak iraun duen urte hauetan.
Liernik tiroideko minbizia diagnostikatua du.
Espetxean osasunak urrezko altxorra da. Osasunak kale egiten duenean hirugarren kezka iturria bat duzu: dispertsioa, egunerokotasuna gehi gaixo egotea. Espetxea ez da tokirik egokiena halako gaixotasun bat zaintzeko eta tratatzeko, naiz eta arduradunek esan presoak zaintzapean daudela. Zein den tokirik egokiena? Bere senide eta lagunekin babestua egotea, behar diren tratamenduak eta zaintzak jasotzeko.
Bere egoerarekin kezkatuta zaudete?
Kezkaz bizi dugu. Kanpoko medikuen asistentzia bitartez ahal duguna egiten ari gara. Baina ez gaude berarekin. Orduan, oso zaila da. Tratamenduak baditu alderdi ezberdinak eta, horietako bat, zaintza emozionala da. Hori guk bermatu dezakegu astero bisitatzen badugu, baina ezin dugu.
Armendarizek 20 urte bete ditu espetxean. Hauen birgizarteratzeko ahalmenean sinesten duzu?
Niri grazia handia egiten dit esaten denean espetxe sistemak herritarrak birgizarteratzen dituela balizko gizarte baten parte izateko non gero, espetxeak entzerratu, itxi, mugatu eta autonomia apurra kendu egiten duenean. Hemen kontraesan handi bat dago, beste gezur handi bat. Espetxea ez da birgizarteratzeko espazio bat, pertsonak zirkulaziotik ateratzeko eremu bat da, existituko ez balira bezala. Hemen dago espetxe sistemaren antolaketaren tranpa. Espetxe sistema modernoek, demokraziaren izenean, aipatzen dute sistemaren helburua presoak birgizarteratzea dela. Eta hori gezurra da. Espetxe sistemak egiten duena da autonomia gutxia minimoetara murriztu.
Kartzelan, halere, bizitzen jarraitu behar da.
Kanpoko laguntza sistema zabal bat gabe –dela ekonomikoa, dela bisitak, dela sostengu afektiboa, emozionala…– oso zaila da espetxean aurrera egitea.