Barbadori eta Zelaiari batasuna adierazi diete
"Terrorismoa" leporatuta, zortzina urteko kartzela zigorra eskatu diete bi gazteei. Absoluzioa ez den epairik ez dutela onartuko ohartarazi dute Beasainen
Galder Barbadori eta Aitor Zelaiari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute Beasainen, Zubimusu plazan. Ez dugu onartzen absoluzioa ez den beste epairik, esan dute. Fiskalak, Jose Peralesek, Altsasuko kasuan izandako berberak, zortzina urteko kartzela zigorra eskatzen du. “Helburu terrorista” zuten “armen eta lehergailuen biltegi bat” izatea leporatzen die. Gaur amaitu da epaiketa.
Bi gazteak 2018an atxilotu zituzten, “armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristarekin gordetzea eta trafikatzea” egotzita. Barbadok esan du bere etxetik konfiskatutakoa “militantzia politikoarekin lotutako materiala” besterik ez dela. Ertzain batek, lekuko gisa, hala baieztatu zuen; Zelaiak, berriz, Hatortxu Rock jaialdiarekin lotu du poliziak atzemandakoa. Bere bertsioa ere baieztatu du lekuko batek.