Bartzelonaren aurka jokatuko du Ampo Ordiziak Altamiran, igandean
Zaletuek ezingo dute Altamiran sartu baina Goierri Telebistak zuzeneko emisioa egingo du.
Igandean, 12:00etan, Ordiziako Altamira zelaian jokatuko da Ohorezko Mailako bederatzigarren jardunaldia, Ampo Ordizia eta F.C Bartzelonaren artean. Bi taldeak sailkapen taularen goikaldean daude: laugarren dago Barça, 25 punturekin; eta Ampok, titulua lortzeko lehian arituko den seikotea itxi du, 23 punturekin.
Kontu handiarekin hartu beharreko taldea da Bartzelona. Azken denboraldietan goiko postuetan egon dira beti, eta duela bi denboraldi, Erregearen Kopako final bat ere jokatu zuen, non azken unean galdu zuten, Lexus Alcobendas ahaltsuaren aurka, 23-24 estu batez.
Talde katalanaren jokoaren kalitatearen froga izan zen Altamiran jokatutako azken partida, non Sergi Gerrerok zuzentzen zuen taldeak, ordiziarrei inoiz ihes egin ez zien garaipena lortu zuen, pandemiaren aurretik.
Garaipena lortzeko gakoa aurreko egunean Sevillan erabili zen bera izan daiteke, hau da, gutxienez 3 punturekin itzultzea kontrako 22ko lerroa zapaltzen den bakoitzean.
Zeren gainera, igandean garaipena lortzea ezinbestekoa izango litzateke titulua lortzeko play-offean ziurtatu nahi badute behintzat. Ligako bigarren itzulia bi zatitan banatzen da: lehenengo sei taldeek liga dute jokoan, eta bigarren sei taldeek mailari eustea. AMPO Ordiziak, egungo sailkapenaren arabera, aukera handiak ditu titulua jokoan duen taldean sartzeko. Bigarren itzulian, txapelketako irabazlea definituko da ligaxka sistema bati esker, non lehen seiak zuzenean sartzen diren sailkapen batean, euren multzoko aurkarien aurka lehen itzulian lortutako puntuetan oinarrituta, eta bigarren itzuli honetako partidak, etxean edo kanpoan jokatuko dituzte, lehenengoan non jokatu den arabera. Bartzelona aurkari zuzena denez, guztiz beharrezkoa da puntuak lortzea.
Entrenatzaile ordiziarrak ia jokalari guztiak ditu bere esanetara, Lander Gomez izan ezik, kanporatua izan zena, eta Erlantz Garmendia harrobiko jokalaria zalantzan dago, orkatila bihurritu duelako.
Partida ateak itxita jokatuko da, eta sare sozialen bidez bidali beharko dituzte animoak. Altamirako armailetik ez, baina zaletuek Goierri Telebistan ikusi ahalko dute gertatzen den guztia, zuzenean.
Valentin Cruz 1.000 puntutik gertu
Ebidentzia bat da Valentin Cruz joko zabaltzaileak zigor kolpeetan duen eraginkortasuna. Horren erakusle, oinarekin 1.000 puntura ailegatzeko bakarrik zortzi falta zaizkiola. Gainera, azken hiru denboraldietan puntu gehien lortu duen jokalaria izan da. Aurten 121 gehitu ditu.
Moyuak, Getxoren aurka
Ez du lehen taldeak bakarrik jokatuko, Moyua Goierri 23 urtez azpikoa ligara itzuliko baita eta larunbatean, 16:00etan, Getxo Etorkizuna izango du aurkari. Pazosek zuzentzen duen taldeak Faduran jokatu berri du talde bizkaitarraren aurka lagunarteko partida, eta garaipena lortuta itzuli dira.
Lagun artekoan lortutakoa errepikatzea funtsezkoa da B multzoko lidergoari eusteko, eta jarraitzaileengandik distantzia handitzeko.