Ekaitz Goikoetxeak San Antontxu bertsopaper lehiaketa irabazi du, Mungian
'Ematen duguna gara' bertso sorta idatzi du besaindarrak: «Hamar urteko alaba transexual bat duen guraso baten bizipenetatik eta begiradatik idatzitako bertsoak dira, irakurketa, lanketa eta hausnarketa sakon baten ondoren onduak».
Ekaitz Goikoetxeak Mungiako (Bizkaia) San Antontxu bertsopaper lehiaketa irabazi du Ematen duguna gara bertsoarekin. «Hamar urteko alaba transexual bat duen guraso baten bizipenetatik eta begiradatik idatzitako bertsoak dira, irakurketa, lanketa eta hausnarketa sakon baten ondoren onduak», azaldu du Goikoetxeak.
Transexualitatea ardatz hartuta egindako hiru bertsoekin Goikoetxeak hiru sari lortu ditu azken hiru urteetan. «Ez dakit nik idatzitako sortarik onenak izango diren, baina originalenak bai ziurrenera. Duela oso-oso gutxi arte pentsaezina zen zerbaiti buruz ari baikara». «Sari hau gizartea trans-formatzen ari diren talde eta eragile horiei guztiei eskaini diet, eta Naizen elkarteko Aingeru Mayorri bereziki».