Langile bat hil da Ezkion, basolanean ari zenean
Istripua atzo izan zen, eta enbor batek jo zuen beste zuhaitz baten adarrak mozten ari zenean. Aurten Euskal Herrian lanean hildako bigarren langilea da. Asteazkenean, 12:00etan, elkarretaratzea deitu dute LAB, ELA, Esk, EHNE, Steilas eta Hiru sindikatuek, Ezkioko plazan.
Basolanetan ari zen langile bat hil zen atzo Ezkion (Gipuzkoa), ELA sindikatuak jakinari duenez. Sindikatuaren arabera, Lizartzako Basalan Arrospide enpresarentzako lanean ari zen langilea zen. Enbor batek langilea jo zuen aurretik botatako beste zuhaitz bateko adarrak mozten ari zenean. Euskal Herrian aurten egondako bigarren istripu hilgarria da. 54 urtekoa da hildako A.T.C. langilea, eta lau urte zeramatzan Basalanekin lanean.
ELAk gogoratu du basolanen sektorean istripu tasa handienetakoa dela, eta atzo alarma horia emanda zegoela haize zakarraren ondorioz. Iragarpenen arabera haizeguneetan orduko 100 kilometroko ufadak egon zitezkeela zioten eguraldi iragarpenek. Sindikatuak prekarizazioarekin lotu du heriotza hau.
LAB sindikatutik, “gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi” nahi die hildakoaren senitarteko eta gertukoei. “Basogintza sektoreko jarduerak arrisku anitz ditu. Langileek lan desberdin asko egiten dituzte, askotan bakarrik, zenbaitetan lan gogorrak eta neketsuak, orografia berezian lan egiten dute, zarata pairatzen dute, estres termikoa, makinaria askotarikoa erabiltzen dute eta horrek, sektoreko ezbehar tasa altuari eragiten dio. Gainera, lan arriskuen alorrean prestakuntza gutxi jasotzen dute. Guzti honek jasan behar dituzten istripuen tasa altuan du eragina. Istripu larri eta hilgarriak izaten dira. Sektoreko sektoreko langileak arriskupean daude. Beraz, administrazio publikoei eskatzen diegu, berehala, neurriak har ditzatela langileen lan -bizi kalitatea hobetzeko eta baita ere, lan arriskuen alorrean formakuntza plana martxan jarri dezatela.Laneko biolentzia arazo larria da, arazo estrukturala, inposatzen diguten politika neoliberalaren ondorio zuzena. Prekarietateak hil egiten gaitu. Eusko Jaurlaritzari galdetzen diogu zein pauso emateko prest dagoen egoera eta eredu hau geldiarazteko? Prest al daude agenda politikoan lan istripuen arazo estrukturala kokatzeko?”. Honela, LAB sindikatuak “bizitza eta lan duinak” eskatu ditu, “lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu.S arraski honekin amaitzeko eredu berri bat gauzatu behar dugu, interes ekonomikoen gainetik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena”.
LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko duela diote, “langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Klase sindikatuak erantzun irmoa eman beharra du, langileria eta gizarte osoa martxan jarriz. Horregatik, azken istripua salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diogu langile klaseari eta herritarrei”.
Asteazkenean, 12:00etan, elkarretaratzea deitu dute LAB, ELA, Esk, Steilas eta Hiru sindikatuek, Ezkioko plazan.