Ezkioko lan istripua salatzeko elkarretaratzea deitu dute sindikatuek
Ostiralean langile bat hil zen basolanean ari zenean, zuhaitz baten adarra gainera erorita. Euskal gehiengo sindikalak elkarretaratzea deitu du bihar eguerdirako.
ELA, LAB, Esk, EHNE, Steilas eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea deitu dute bihar, joan den ostiralean gertatutako lan istripua salatzeko. 12:00etan izango da, Ezkioko plazan. Ostiralean Basalan Arrospide enpresako 54 urteko A.T.C langilea hil zen, Ezkion basolanak egiten ari zela larri zauritu ostean, zuhaitz baten adarra gainera erorita. Lau urte zeramatzan enpresa horretan lanean.
Euskal Herrian aurten izan den bigarren lan istripu hilgarria izan da. ELAk prekarizazioarekin lotu du ezbeharra. Azpimarratu du basogintza sektoreko istripu tasa handia dela eta neurriak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari: «Prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezarri ditzala exigitzen dio ELAk». Sindikatuak gehitu du ostiralean alarma horia emanda zegoela haize zakarraren ondorioz, eta iragarpenen arabera haizeguneetan orduko 100 kilometroko ufadak egon zitezkeela.
LABek ere basogintza sektoreko lan istripuen tasa altua nabarmendu du: «Langileek lan desberdin asko egiten dituzte, askotan bakarrik, zenbaitetan lan gogorrak eta neketsuak, orografia berezian lan egiten dute, zarata pairatzen dute, estres termikoa, makinaria askotarikoa erabiltzen dute eta horrek sektoreko ezbehar tasa altuari eragiten dio». Lan arriskuen alorrean «prestakuntza gutxi» jasotzen dutela ere salatu du.
Parte hartzeko deia
Sindikatu abertzaleak gehitu du «laneko biolentzia arazo larria» dela, «arazo estrukturala»: «Inposatzen diguten politika neoliberalen ondorio zuzena da». Lan istripuekin amaitzeko «eredu berri bat» gauzatzeko premia adierazi du, eta herritarrei dei egin die gaurko elkarretaratzean parte hartzeko: «Klase sindikatuak erantzun irmoa eman beharra du, langileria eta gizarte osoa martxan jarriz. Horregatik, azken istripua salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diogu langile klaseari eta herritarrei».