Beasain eremu gorritik irten da, Zumarraga ez
Beasainek atzean utzi du eremu gorria. Ostiralean sartu zen eremu laranjan eta asteburuan intzidentziak behera egiten jarraitu du. 420 gaixokoa zen 100.000 biztanleko intzidentzia herenegungo datuen arabera. Zenbaki absolutuetan, azken hamalau egunetan 59 kasu atzeman dira.
Ostalaritzak zabaltzeko aukera izango du gaurtik aurrera. Terrazetan eta barruan eskaini ahalko dute zerbitzua, beti eserita eta pertsonen artean metro eta erdiko distantzia mantenduta; barruan, edukiera %50era mugatuta egongo da; maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da etengabe, jakiak edo edariak ahoratzen direnean izan ezik; 06:00ak baino lehen ezingo dute zabaldu eta 20:00etarako itxita egon beharko dute, nahiz eta etxerako banaketak 22:00ak arte egin ditzaketen. «Gustura gaude irekierarekin, baina kezkatuta ere bai. Ea zenbat irauten duen», dio Itsaso Egurbide sektoreko langileak.
Kirol talde federatuen entrenamenduak eta kirol lehiaketak ere has daitezke; aldagelak erabili ahal izango dira, betiere gehieneko edukieraren %30eko okupazioarekin; maskara soilik intentsitate handiko uneetan kendu liteke; eskola-kiroleko entrenamenduek ere argi berdea dute, talde itxietan eta maskararekin egiten badira.
Herri bakarra gorrian
Beasainek sei aste egin ditu eremu gorritik atera ezinik. Are gehiago, azken hiru hilabeteetan bi aste besterik ez ditu egin eremu gorritik kanpo. Orain, eskualdean herri bakarra dago eremu gorrian: Zumarraga. Asteburuan beste hamalau kasu zenbatu dira eta intzidentzia 682 gaixotaraino hazi da.
Goierriko intzidentzia tasa 409 lagunekoa da. Duela astebete baino 40 gaixo handiagoa da, baina asteburuan zertxobait txikitu egin da intzidentzia. Azken hamalau egunetan 288 kasu baieztatu dira.