Bertsolari gazteen sariak aretoetan eta astebukaera bakarrean jokatuko dira
Martxoan, San Josetako asteburuan izango dira Aztiri, Osinberde eta Argi-Berri, hiru egunetan jarraian. Osinalden finala, 27an. Bertso-afari eran izan beharrean, areto handietan dira saioak
Iazko hutsunearen ondotik, eta beste modu batera izango badira ere, bertsolari gazteen sariketak egingo dira 2021ean. Ohi bezala, urtarrilaren 7an elkartu ziren Osinberde, Argi-Berri, Aztiri eta Osinalde sarietako antolatzaileak, eta COVID-19aren egoera aintzat hartuta, baina aurrera jarraitzea erabaki zuten.
Hainbat aldaketa sartu beharko dituzte, elkarteak itxita daudelako, afaririk ezin delako egin, eta edukiera mugarekin entzule gutxiago sartuko liratekeelako. Bertso saio arrunt moduan, eta areto handietan antolatuko dituzte lau sariketak.
«Egiten saiatu nahi dugu aurten. Iaz konfinamendua hastera zihoala harrapatu gintuen, eta bertan behera utzi behar izan genuen. Elkarteetan ezinezkoa da egitea, eta, orduan, aretoetan egingo dugu», aurreratu du antolatzaile taldeko Jokin Muruak.
Hiru egunetan jarraian
Beste aldaketa nabarmenena, datei dagokiena da. Astean saio bana eginez, hilabete eta erdi luzatu izan da orain arte egutegian. Baina, gaur egun denboran luzatzeak dauzkan arriskuak saihesteko, hiru egunetan jarraian izango dira kanporaketak: martxoaren 19an, 20an eta 21ean; lehen egun hori, San Jose, jaieguna da.
«Jarraian egingo dira. Bestela, arriskua dago batzuk eginda egoteko, eta COVID-19aren gora-beheragatik besteak egin ezinik geratzeko».
Lekuak eta orduak izendatuta daude. Aztiriko saria jokatzeko han areto egokirik ez, eta Legazpiko Latxartegira eramango dute. Ordizian, berriz, antzokian eguerdian izango da saioa, arratsaldean zinema-emanaldiak daudelako.
Finala martxoaren 27an
Aldaketarik jasango ez duena, bertsolari kopurua da. Kanporaketa bakoitzean sei gaztek kantatuko dute, eta bina sailkatuko dira Osinalde sarirako. Oraindik ez ditutzte bertsolarien izenak zehaztu.
Gabirian, Osinalde finala martxoaren 27an izango da, larunbatakin, Andre Mari elizan. 50 urte dira aurten sariketa hasi zela, 1971n. Ekitaldia, ordea, 49.a da.
«Arraroa izango da, baina ez dago besterik. Iaz ez zen egin, eta bi urtean egin gabe ez genuen utzi nahi. Bertsolari gazteek ere batere saiorik ez dute edukiko, eta eskertuko dutela uste dugu. Osinalderen arima giroa eta bertso-afaria da, baina ez egitea baino hobea izango da behintzat horrela egitea».