«Mugikortasun gutxiago eta gizarte-harreman gutxiago»
Herrien itxiera perimetrala atzo sartu zen indarrean. Bilerak, gehienez ere, lau lagunekoak izan ahal dira. Etxeratze agindua 22:00etarako mantendu dute
Herrien itxiera perimetrala, hauen egoera edozein izanda ere, indarrean dago atzotik; eta bilkurak lau lagunetara mugatuta daude. «Neurri hauen helburua mugikortasuna are gehiago mugatzea eta gure ohiko bizikidetza-burbuilatik kanpo dauden pertsonen arteko bilkurek kutsatzeen transmisioan duten hedatze-uhina murriztea dira», azaldu zuen Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak prentsau- rrekoan. Izan ere, egoera epidemiologikoa «oso kezkagarria» dela aitortu zuen: «Euskadi, bosteko eskala batean, Transmisio Altuko bosgarren mailan kokatzen da».
«Bi lehentasun partekatu behar ditugu: mugikortasuna murriztea eta gizarte-harremanak murriztea. Mugikortasun gutxiago eta gizarte-harreman gutxiago. Horixe da dekretuaren aldaketa honen gakoa. Hori da gakoa une honetan eta datozen hilabeteetan», azpimarratu zuen. Datozen asteak txarrak izan daitezkeela aurreratu zuen sailburuak: «Ez da erlaxatzeko unea, prebentzio-ekintzan ahalik eta aurrerapen handienarekin jarduteko unea baizik».
Etxeratzea, 22:00etan
Jaurlaritzak ez du establezimenduen itxiera ordua 19:00etara aurreratu, Espainiako Gobernuak baztertu egin baitzuen etxeratze agindua 20:00etara aurreratzeko eskaria. «Aukera bat galdu da», atsekabetu zen Sagardui. «Gaueko jarduera mugatzeko ordutegia aurreratzeko aukerarik ez izateak esku hartzeko gaitasuna murrizten digu». Horiek hala, establezimenduek 20:00etara arte irekita egoteko aukera dute, eta etxeratze agindua 22:00etan mantenduko da.
Gainerako neurriek ere bere horretan jarraituko dute: merkataritza eta kultura jarduerak 21:00etarako amaitu behar dira; edukierak mugatuta daude, establezimenduen tamainaren arabera; eremu gorrian dauden herrietan ostalaritza itxita egongo da eta taldekako kirola, debekatuta.