Urretxu eta Zumarraga: biak bi
Urretxuk eta Zumarragak herrigune bakarra osatzen dute, baina urretxuar eta zumarragarrak ikastera, lanera edo medikuarengana joateko bakarrik pasa daitezke alde batetik bestera.
Urretxu eta Zumarraga bi herri dira, baina herrigune bakarra osatzen dute. Hori dela eta, herritarrak herri bakar bat balitz bezala bizi dira. Egunero naturaltasun osoz pasatzen dute muga (Urola ibaia) hamaika gauzatarako: ondoko herrian bizi diren gurasoak, seme-alabak edo bilobak bisitatu, lagunekin elkartu, kiroldegi batera edo bestera joan, liburutegi batera edo bestera joan, erosketak egin, lanera edo ikastetxera joan… Ia denetarako biak bat dira. Baina ostegunetik lanera, ikastera edo medikuarengana joateko bakarrik pasa daitezke Urola ibaiaren alde batetik bestera.
Horrek zalaparta handia sortu du bi herrietan. Udalek bi herriak bakar bat bezala hartzeko eskatu diote LABIri, baina honek ez du eskaera onartu. Hori dela eta, herritar asko sututa daude. Udaltzaingoek kontrolak jartzen dituzte noizean behin bi herriak lotzen dituzten hiru zubietan eta Areizaga-Kalebarren plazan eta herritar askok ez dute ulertzen. Urretxu eta Zumarraga ia denetarako biak bat ziren (elkarte guztiek bi herrietan lan egiten dute eta udalek ekitaldi asko elkarrekin antolatzen dituzte) eta koronabirusak bi herriak banatzea lortu du. Biak batetik, biak bira pasa dira. Korea edo Gerra Hotzaren garaiko Berlin bezala.
1960ko hamarkadan bi herriak batzeko saiakera egin zen eta ez zuen aurrera egin. Beti egon da bi herriak batzearen aldeko jendea eta azken egunetan batek baino gehiagok behingoz bi herriak batu beharko litekeela aipatu du.
Bata gorri, bestea hori
Baina oraingoz LABIk biak bakartzat hartzea ere ez da lortu eta horrek ondorio batzuk ditu dagoeneko. Hasteko, Urretxun oraindik tabernak zabalik daude eta Zumarragan ez. Izan ere, Zumarragak 500 kasu baino gehiago izan ditu 100.000 biztanleko azken 14 egunetan eta Urretxuk ez. Zumarraga gorriz markatutako herrien zerrendan dago eta Urretxu horiz markatutakoen artean.
Bestalde, larunbatean asteroko azoka egin zuten Zumarragan eta saltzaileek aspaldiko azoka txarrena izan zela esan dute. Izan ere, urretxuarrek (eta inguruko gainontzeko herrietakoek) ez zuten joaterik izan. Saltzaile batzuk, egun txarra izango zela jakitun, ez zuten posturik muntatu.
Zumarragako Eroski eta Todo Todo supermerkatuek, berriz, ez dute kexarik. Izan ere, bi horiek dira herriko janari-denda handi bakarrak eta azken egunetan jende ilarak egon dira. Zumarragar askok Urretxuko Eroski eta BMn eta Legazpiko DIAn egiten dituzte erosketak eta dagoeneko ezin dira supermerkatu horietara joan.
Astelehenetan egiten duten kontzentrazioan parte hartu zuten pentsiodunek ere komeriak izan zituzten atzo. Areizaga-Kalebarren plazan elkartzen dira, nahastuta. Atzo, antolatzaileek bakoitza bere aldean jartzeko eskatu zieten.
Bizilagun gehienek ez diote zentzurik ikusten honi guztiari eta alkateek ere ez. Igandean agerraldia egin zuten ETBn, bi herriak bakartzat hartzea nahi dutela esanez. Bitartean, bi alkateek araua errespetatzeko eskatu diete bi herrietako bizilagunei.