Legazpiarren premiei erantzutea, udalaren azken urteetako jardunaren xedea
Alkatetzara iritsi zenetik gaur arteko jardunaren kontu eman du Koldobike Olabidek. Herritarrak, klimaren aldeko ekintzak, inbertsioak eta antolaketa izan dira udal kudeaketaren ardatzak
Bost urte baino gehiago igaro dira Koldobike Olabide Legazpiko alkatetzara iritsi zenetik. 2015eko ekainetik gaurko egunera arte udalak egindako ibilbidearen errepasoa egin du, herritarrei horren berri emateko asmoz. Aurtengo ekitaldirako aurreikusitako hainbat proiektu ere iragarri ditu.
Legazpiri buruzko datu orokorrak emanez hasi zuen agerraldia alkateak. Herriak 42,1 kilometro karratuko azalera du, eta horietatik %96 lur ez urbaniza- garriak dira; bestetik, % 80 baso lurrak dira, eta horietatik %21 jabetza publikokoak.
Biztanleriari dagokionez, azken datuen arabera Legazpik 8.409 biztanle ditu, eta horrek kilometro karratuko 200 biztanleko proportzioa ematen du. 65 urtetik gorakoa da biztanleriaren %26, %7,2koa da langabezia tasa, legazpiarren %14,5ek goi mailako ikasketak dituzte, eta euskaldunak %61 dira.
Udalaren helburuak
«Legazpiarren zein bisitarien premiei eta itxaropenei erantzutea» jomugan jarrita jardun dute lanean azken bost urteetan udalean, Olabideren esanetan, eta herritarrei eta bisitariei, eta baita Legazpira lanera datozenei ere zuzenduta daude «bikaintasuna eta berrikuntza bilatzen duen lantalde batek eskainitako zerbitzu publiko eraginkorrak». Hori abiapuntutzat hartuta, «berdintasuna, kritika, elkarlana, inklusioa, jasangarritasuna, euskara eta aniztasuna» ezaugarritzat dituen Legazpi baten alde dihardutela azaldu du, honako balio hauek garatuz: «Jasangarritasuna eta eraginkortasuna, gardentasuna eta kontu ematea, genero berdintasuna, integritatea eta errespetua, eta gertutasuna eta parte hartzea».
Udalaren kudeaketa aurrera eramateko, bestalde, hiru arlo bereizi zituztela gogoratu du, herritartasuna, lurraldea eta antolaketa.
Hiru atalen balorazioa
Herritartasuna atalaren jarduna «udal politikaren ardatz diren herritarrek» baldintzatu dute. Horren barruan garatu dira Uztakale, Eskualdeko Berdintasun Plana, eskola materiala erosteko laguntzak, Gizarte Zerbitzuen estrategia, Merkataritza biziberritzeko plana edo Bellotaren pentsioaren erosketa. Aurten, besteak beste, Belaunaldien arteko Legazpi edo Emakumearen Etxea proiektuak landuko dira.
Lurraldea, klimaren aldeko ekintzen eta Udal Agenda 2030-aren inguruan garatu da. Atal honetan inbertsioak ere sartzen dira, azken bost urteetan 10.095.172 eurokoak izanik.
Azkenik, modernizazioak eta gobernantzak gidatu dute Antolaketa atala. Herritarren Arretarako Zerbitzua eta LegazpiOn aplikazioa hemen sartzen dira.