Arangoitiko erabiltzaileek jaso dute bigarren dosia
Ehun pertsona baino gehiagok jaso dute txertoa, langileak eta egoiliarrak. Egun batzuen buruan immuneak izango dira baina segurtasun neurriekin jarraituko dute
Arangoitiko egoiliarrek eta langile batzuk jaso dute COVID-19aren aurkako txertoaren bigarren dosia. Denera, 108 txerto jarri dituzte gaur Osakidetzako langileek. Dena ongi joan dela aipatu dute: binaka jasotzen zuten txertoa, segundo gutxiko kontuan. Ilusioa eta poza nabarmena zen, gaitzak gogor erasan baitu Arangoitiko egoitza. Egun ez dago kasu aktiborik. Immunizazioa lortzeko, ordea, egun batzuk igaro beharko dira, astebete inguru bai behintzat. Halere, immunitatea lortu arren segurtasun neurriekin jarraitu beharko dute.
Lehen dositik bigarrenera 21 egun igaro behar dira. Urtarrilaren 7an jaso zuten lehen ziztada, baina lanean ez zeuden langile batzuk ospitalean hartu zuten dosia, egun batzuk geroago. Hauen kasuan ez denez behar beste denbora igaro, gaur ez dute txertorik jaso. Egun gutxiren buruan hartuko dute.