Ataunen eta Lazkaon bi kultura ekitaldi izango dira, pandemiaren biziraule
Lazkaon, bihar, Hezurbeltzak hirukoak kontzertua egingo du, Arerian. Ataunen, 'Birritan bortxatua' antzerkia ikusteko aukera izango da, hirugarren saiakeran. Herritarrak soilik joan daitezke
Tokian tokiko kultura programazioaren garrantzia inoiz baino agerikoago izaten ari da pandemia garaiko itxialdian. Udalerrietan sartu-irtenak debekatu dituzte, eta agenda asko murritzarazi du horrek, publikoaren jarioa mugatu baita. Aukera bakarra, herrian ekitaldiak antolatzea eta horietara joatea da.
Ataunen eta Lazkaon, hala, egun berean bi ekitaldi egingo dituzte, bihar. Ataungo Herri Antzokian, bihar 19:00etan, Birritan bortxatua antzezlana ikusi ahalko dute ataundarrek. Birritan atzeratutako emanaldia da, bietan izurritearen egoerek behartuta. Anteztaun zikloan, urrian, iragarri zuten lehenbiziko aldiz.
Aldatzen Laguntzen antzerki konpainiak 2020rako ondutako antzerkia da. Saioa Royo eta Ion Martinez dira aktoreak. Emakumeen kontrako indarkeria du oinarri. 41 urteko emakume bat ezagun batek bortxatuko du, herriko jaietan. Bigarren kalbarioa ere pasatu beharko du, hausnarketak, galderak, zalantzak eta beldurrak azalduko baitzaizkio bortxatua izan den unetik salaketa jarri, albiste bihurtu, deklarazioak prestatu, epaiketa nola bizi eta epaia jaso bitartean.
Hezurbeltzak Lazkaon
Beste gai sozial bati egingo dio keinua Hezurbeltzak hirukoak Lazkaon eskainiko duen kontzertuak. Areria antzokian, bihar 19:30ean hasiko da. Sarrerak (10 euro) lazkao.eus webgunean daude salgai. Oraindik badaude.
Jon Maia bertsolariak, Gorka Hermosa soinu jotzaileak urretxuarrak biak eta Pitti gitarra jotzaileak immigrazioaren gaia jorratuko dute, sakon eta umore printzaz, eta goren mailako musikarekin hornituta.
Jon Maiak astebetean bigarren emanaldia du Lazkaon. Lehengo astean, bizipen pertsonalez hitzaldia egin zuen, Arerian.