Azoka askok egiten dugulako
Askoren topagune da feria, postua jartzen dutenena eta ez dutenena, aldarrikapenak egiteko gunea eta bezero eta lagun arteko elkargunea da. Atzo are eta gozoagoa, San Blas opila lagun.
Hezetasun handia, zirimiria bizi-bizi goiz guztian, baina hotzik ez. Garbi antz eman da herriz herri ibiltzeko debekua, askoz jende gutxiago ibili baita. Neurri hauek feria kaltean dira. Betikoak hala ere fin, salmenta hain onak izango ez direla jakinean egonda ere. Postua jartzen duten saltzailez gain beste hainbat lagunek ere asteazkenero merkatu gunea saltoki izaten dute. Esate baterako Rikardo Montero Arruagaeta ordiziarra azken 6 urtetan ONCEko txartelak saltzen aritzen da goizean goiz. Plazako lagun askok erosten dute astero bere txarteltxoa: «Orain arte jokatutakoa, beste sari handirik ez dut banatu baina gustura aritzen naiz hizketan eta jendearekin».
Plaza inguruan berriz bi urtetik hona beste zenbaiten artean Mohamede Gueye ibiltzen da galtzerdi, eskutrapu, aterki eta abar saldu nahian. «Oso egoera zailean gaude, lehen ez zen erraza eta azken urte honetan askoz gutxiago saltzen dugu». Ez du bizi erraza izan 30 urteko senegaldar honek: familia handia, emaztea eta bi haur han utzita etorri zen oraindik ere lortu ez duen bizi hobe baten itxaropenean. Olouf hizkuntza du berezkoa, orain euskaraz eta gazteleraz moldatzen den Gueyek. Han Arabiar Geografiako irakaslea zen baina bizitzeko adina ez eta hemen kaleko salmenta du oraingoz bizi iraupenerako diru sartze bakarra.
Postuen prezioak
Horiek ibiltariak dira, aldiz toki jakina dutenek ordaindu behar dutenaz ere galdetu dugu. Astero bere mahaia jartzen dutenek erabiltzen dituzten mahaien arabera pagatzen dute. Hala 20,93 euro urteko/mahai bakoitza baserritarrek eta gainerakoak 15,08 euro m2ko/hiruhilekoa. Iaz urte berezia eta prezio hauek aplikatu ez baziren ere, hala dio Udalaren Ordenantza fiskalak.
San Blas opila
Atzo zortzi izango da San Blas eguna eta Maite Iturbek urtero bezalaxe berak egindakoak ekarri ditu. 10 urtetik gora daramatza Ordizian eta hasitako prezio berean saltzen du 1,5 euroan bakoitza. Datorren astean ere izango dugu anis gustuko opil goxo hau erosteko aukera.