Deskargako bidesariaren aurkako protesta deitu dute larunbaterako
Hiru sindikatuak eta A-636 Peajerik Ez plataformak egin dute deialdia. Ormaiztegi eta Bergara artean auto eta kamioi karabana egingo dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Beasain-Bergara errepidean bidesaria jartzeko asmoaren kontra, protesta deitu dute larunbaterako. Hiru garraiolarien sindikatuak eta A-636 Beasain-Bergara Peajerik Ez plataformak antolatu dute. Auto eta kamioien karabana egingo dute, Ormaiztegi eta Bergara artean. Larunbat goizeko 09:00etan elkartuko dira, Urretxuko mugitegi industrialdean, eta 10:00etan abiatuko dira Deskarga aldera.
Antolatzaileen ustez, “azpiegitura publikoek finantzaketa publikoa” behar dute, hau da, “zerga politika egokia” aplikatzea, hori “erabiltzaileen menpe” utzi gabe. “Ez dezatela ordaindu lanera joateko erabiltzen duten langileek ezta beharrezko materiala enpresetara eramaten duten garraiolariek ere”. Gainera, “Aldundiko arduradunen gezur borobila” agerian gelditu dela azaldu dute: “Bidesarien bidez azpiegiturak kanpotarrek ordainduko dituztela diote, baina errepide hau etxekoek darabilte”.
Garraiolarien kasuan, koronabirusak ekarri duen krisi garaian “beste sektore batzuentzat laguntzak” bideratu zaizkiela gogorarazi dute; garraioan ari direnei, ordea, “beste gastu bat gehiago” aplikatuko zaiela salatu dute.