Eskoletako jangelak eta garraioa ere greban daude
Aste bete-betea izaten ari da mobilizazioei dagokienez. Osakidetzako, zaintza arloko eta Haurreskolak Partzuergoko grebez gain, eskola publiko, pribatu eta itunduetako jangela eta garraio zerbitzuetako langileak ere mobilizatu dira aste honetan, ELA sindikatuak deituta. Atzo, lanuzteak egin zituzten, eta biharko ere deitu dute greba.
Hezkuntza Sailak kolektibo horien «eguneroko arazoak konpontzeko eta negoziatzeko borondaterik ez» duelako deitu dituzte greba egunak, eta ez dituelako «zerbitzuko eskaintza, segurtasuna eta lan-baldintzak eta enplegua bermatzeko neurririk hartzen». Salatzen dute ,«ikusezinak» direla, «bigarren mailako langileak» bailitzan tratatzen dituela Hezkuntza Sailak, «zerbitzu osagarritzat» jotzen dituztela eta «ez derrigorrezkotzat».
«Lehendik prekarioa zen egoera», baina azken hilabeteetan «okerrera» egin duela salatu du ELAk: «Pandemiaren aurrean ezarri den protokoloa alde bakarretik ezarri da, negoziatu gabe, eta ez dituzte ez langileen, ez familien, ez ikastetxeen beharrak kontuan hartu».
Hilabete hauetan guztietan Hezkuntza Sailak egin duen kudeaketa «oso txarra» izaten ari dela nabarmendu dute ELA sindikatuak, «nahiz eta gizartearen aurrean itxurak egin». Azpimarra dutenez, «enpleguak suntsitu dira, lan-baldintzak okertu dira, segurtasun-neurririk ez dago…».
Eskola garraioan, sindikatuak salatu du ez dutela inolako neurririk ezarri eta ez dagoela gutxieneko protokolorik, soilik %100eko edukiera eta musukoaren erabilera 6 urtetik aurrera.
Beste sindikatuei deia
ELAk protestekin jarraitzeko asmoa erakutsi du. «Zerbitzuen, osasunaren eta pertsonen aldeko benetako apustua exijitzen dugu, gastatu nahi ez izatearen interes bakarraren aurrean», azpimarratu du ELAk. Hezkuntza Sailak «inposizio eta aldebakartasun» jarrerarekin jarraitzen badu, otsailaren 23an eta 24an ere greba egitea baztertzen ez duela adierazi dute.
«Iazko irailaren 15ean, urriaren 21ean, 27an eta 29an grebara aterararazi gintuena, urtarrilaren 27an eta 28an ere kalean gaitu oraindik ere, momentuz ezer ez delako aldatu eta gainera, egoera okerrera egiten ari delako». Gauzak horrela, gainontzeko sindikatuei indarrak batzeko deia egin diete.