Eskola kirola, erritmoa hartu nahian
Azaroaren hasieratik debekatuta egon eta gero, joan den astean zabaldu zuten Eskola Kirola egiteko aukera. Goierriko hainbat herritako ikastetxeetan hasi dira entrenamenduak, besteetan laster hasiko dira.
Goierriko ikasle asko hasi dira eskola kirola egiten, eta beste asko laster hasiko dira. Pandemiari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak ezarritako debekuen artetik atera dute eskola kirolari dagokiona, Gabonen ondoren.
Ikasturte honetan, azaroaren 6tik etenda egon ondoren, urtarrilaren 11tik berriz ere baimenduta dago, hori bai, neurri eta protokolo zorrotzak ezarrita. Entrenamenduak bakarrik egin ahal dira, sei laguneko taldeetan banatuta, eta lehiaketarik gabe. Gainera, eremu gorrian dauden herrietan debekatuta dago.
Aldarrikapen ugari
Eskola kirola etetea erabaki zutenetik, aldarrikapen ugari entzun dira jarduera hori haurrentzako ezinbestekoa dela esanez. Bultza Kirola Euskadi eta SOS Eskola Kirola plataformetan bilduta edo bakarka, ikasleei eskolaz kanpoko jarduera gisa eskaintzen zaien kirol praktika hori berrabiatzeko eskatu dute, erkidegoko hiru hiriburuetan manifestazioak egiteraino.
Gipuzkoan, Foru Aldundia ere eskola kirola berriz martxan jartzearen alde agertu zen. Harkaitz Millan kirol diputatuak adierazi zuenez, kirola egiteko aukera ez izateak «ikasleen osasunean ez ezik, haien harreman sozialetan eta oreka emozionalean ere eragiten du».
Izan ere, kirola egiteak dakartzan onurak ondo egiaztatuta daude, eta eskola kirolaren praktikaren aldekoek defendatzen dutenez, COVID-19a hedatu den honetan haurrei eta gazteei kirol jarduera galarazteak kontrako emaitzak ekar ditzake, beste aisialdi eta harreman mota batzuetara bultzatzea, adibidez, eta horren ondorioz, birusaz kutsatzeko arriskua areagotzea. Kirola gune seguruetan praktikatuta, eta horixe da eskola kirolaren ezaugarria, pandemiak era- gindako egoerari hobeto aurre egin dakiokeela diote.
Seguran eta Zegaman
Iritzi berekoa da Segurako eta Zegamako eskola kirola koordinatzen duen Xabier Intxausti, eta pozik dago jarduerari berriz ekin ahal izan diotelako. Bi herrietako eskoletan martxan dago urtarrilaren bigarren astetik, 9 eta 12 urteko ikasleei zuzenduta, eta «betiko protokoloekin» entrenatzen dute: hasieran tenperatura hartuta, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbituta, maskara jantzita, segurtasun tarteak gordeta, ahalik eta material gutxien erabilita eta, batez ere, ikasgelako burbuila taldeak mantenduta, nahiz eta ikasleak ikarturte berekoak izan. Segurtasun handiarekin egiten dira, beraz, entrenamenduak, bereziki burbuila taldeei garrantzia ematen zaielako.
Eskola kirolak, ordea, adin esparru zabalagoa hartzen du, 6 urtetik hasi eta 16 urtera arte, eta barruan kirol klubek eskaintzen dituzten jarduerak sartzen dira; futbol eskola, eskubaloi eskolajudoa, atletismoa, igeriketa… Horietan, ikastetxe desberdinetako ikasleak elkartzen dira, eta kasu batzuetan baita herri diferentetakoak ere. Eskola kirol mota horretan segurtasuna bermatzea zailagoa dela dio Intxaustik, eta horregatik, «gure eskola kirola defendatzen dut, ikastetxeetakoa, eta ez dago arrazoirik debekatua izateko. Bi ereduak oso desberdinak dira».
Intxausti beraz gain, ikasleak ere oso pozik daude Seguran eta Zegaman, baita gurasoak ere. «Desiatzen zeuden denak entrenamenduak hasteko». Astean ordu bete besterik ez dute egiten, baina ordu horretan gustuko jarduera egiten dute, eta «etxeko ‘makinitetatik’ aldendu egiten ditugu».
Goierri garaian, Zerki
Legazpin, Urretxun eta Zumarragan, Zerki Kirol Zerbitzuak arduratzen da eskola kirolaz, ikastetxeetako guraso elkarteek kontratatuta, baina ikasturtea ez dute hasi oraindik. «Urrian bazegoen entrenamenduekin hasteko aukera, baina ikastetxeek ez zuten oso argi ikusten eta beldur pixka bat ere bazuten, kutsatzeak zirela eta», azaldu du Zerkiko Igor Altzelaik.
Orain, debekua altxatu dutenean jarriko dira martxan Goierri garaian, «Legazpin, pandemiak uzten badigu, otsailaren 9an hasiko gara». Urretxun eta Zumarragan egoera bestelakoa da, ikastetxeetan bi herrietako ikasleak daudelako, eta Zumarraga eremu gorritik atera arte behintzat itxaron beharko dute.
Hasten direnean, gainerako ikastetxeetan bezala, geletako burbuila taldeak mantenduko dituzte entrenamenduetan, eta ahal den guztietan aire librean egingo dituzte. Multikirola landuko dute, eta kirol modalitate desberdinak jorratzen saiatuko dira, baina hartu beharreko segurtasun neurriak hartuta, «beste modu batera, eta begirale gehiagorekin».
Eskola kirola baztertuta egotearen arrazoia ez duela ulertzen dio Altzelaik, eta guraso eta ikastetxe batzuek egindako presioari esker berreskuratu eta gero, «gogoz ari gara dena prestatzen. Umeen beharra dela ikusten dugu, eta ariketa fisikoa egiteko aukera ematen badiegu, osasuntsuago izango dira».