Osakidetzako langileen grebaren balorazio "oso positiboa" egin du ELAk
Hurrengo asteetan Osakidetzako mahai sektorialean negoziazioa nola gauzatzen den ikusi eta gero, mobilizazioekin jarraitu edo ez baloratuko dute.
Osakidetzako langileek atzoko, urtarrilak 28, greba egunarekin borobildu zuten, azken zortzi asteetako mobilizazio dinamika eta horren inguruko balorazioa egin du ELA sindikatuak. Orokorrean, mobilizazioen balorazio “oso positiboa” egin dute, “orain arte Osakidetzak mahai sektorialean negoziatzeko adierazi duen borondate ezak mugitzeko balio izan baitu”, eta zain daude, hurrengo asteetan negoziazio hori nola gauzatzen den. Horren arabera, mobilizazio berriak aurrera eramatea edo ez erabakiko dute.
Goierriko osasun zentroetan grebaren jarraipenaren inguruan ELAk adierazi du, “oso ezberdina” izan dela, “zentro batzuetan, besteetan baino handiago izan” baita. Nabarmendu dute, “bi erronka handiri aurre egin behar” izan diotela: Batetik, “zerbitzu minimoen dekretuak ezarritako zerbitzu minimo izugarriari”; bestetik, “eskualdean pandemiak duen eragin latzari”. Pandemiaren aurretik ezartzen ziren zerbitzu minimoak “oso altuak” baziren, gaur egun, “oraindik ere altuagoak” direla, “irizpide aldaketa” bat egon delako. Horregatik, “langileek greba egiteko duten aukera eta askatasuna asko mugatzen” dela, eta ondorio zuzena duela horrek “greban eta gizartearen begietara”. Hori esanda, ELAk jakinarazi du, atzoko greba egunean, “Zumarragako ospitalean dauden hiru ebakuntza geletatik bakarra egon zela martxan”.