Emakumezkoen errugbi zazpiko torneoa jokatu dute Altamiran
Lau taldek parte hartu dute; Ordizia Rugbyk, Hernanik eta Iruñako La Unicak bi talde aurkeztu ditu. Ordiziako taldeko entrenatzaile Maddi Solak jardunaldiaren balorazio "oso positiboa" egin du.
Eguerdi partean euri zaparrada bortitzak arratsaldea goibelduko zuelakoan, baina errugbiko neskek Ordiziako Altamira zelaian izan duten hitzordu garrantzitsurako, atertu eta eguzkia ere atera da azkenean, beraz, giro politean jokatu ahal izan dute emakumezkoen errugbi zazpiko torneoa. Ampo Ordiziako neskek, gozatu ederra hartu ahal izan dute, etxean gainera. Aspaldian ez zuten Altamiran bertan partidarik jokatzen eta arantzatxoa kentzeko ere balio izan die gaurkoak. Etxekoez gain, beste hiru taldek parte hartu dute; Hernani, eta Iruñako La Unicak bi talde aurkeztu ditu. Maddi Sola Ordizi Rugbyko taldearen entrenatzailea, jardunaldiak eman duenarekin “oso pozik” agertu da.
Talde desberdinen artean neurtzerakoan, irabaztea beti izaten da atsegina, baina gaur, emaitza bat baino gehiago zegoen jokoan belar gainean. Batetik, COVID-19agatik, kirol munduan zenbat eta zenbat txapelketa bertan behera geratu diren jakina da, beraz, horrelako torneo bat jokatu izana, albiste handia da. Eta bestetik, azken boladan, Ordizian emakumezkoen errugbi taldea osatzeko jendea faltan izan dute, beraz, gaur Altamiran, Ordizia Rugbyko neskek jokatzeak, kluba bera, eta nola ez, gaurko protagonisten gogoa eta ilusioa indartu ditu.
Horren haritik, Maddi Sola taldearen entrenatzailea “oso pozik” agertu da. Tartetxo bat egin du Goierriko Hitzarekin hitz egiteko: “Momentura arte bi partida jokatu ditugu, lehena irabazi dugu eta bigarrena galdu, baina oso gustura gaude”. Taldea “oso ondo ikusi” duela nabarmendu du, “motibazio handiarekin”, eta horrelako jardunaldiak antolatu eta jokatzea “taldearentzat oso positiboa” dela gehitu du gainera, “partidak izanda, helburuak finkatzen ditugulako, eta horrek, lanean jarraitzeko indarra ematen duelako”. Horregatik, espero duela, “horrelako aukera gehiago” izatea.
Eskualdeko neskei deia
Bestalde, eskualdeko neskei deia luzatzeko ere aprobetxatu du Solak, esanez, “errubgia probatzera animatu” daitezela, “ez dela beharrezkoa aurretik errugbian, ez beste kirol batean aritutakoa izatea,”, eta animatzen diren guztiak “ongi etorriak” izango direla. Beraz, hortxe, taldetik egin duten gonbita. Interesa dutenek, klubarekin harremanetan jartzea baino ez dute.