Zumarragako osasun zentroko Etengabeko Arreta Gunea "egunero eta eguneko 24 orduetan" zabaltzea eskatu dute herritarrek
Bi zutabetan abiatu da manifestazioa; Zumarraga aldera egin du batak, Urretxu zeharkatu du besteak, eta amaieran bi muturrak elkartu dira.
Zumarraga eta Urretxu, bi herri, baina herrigunea konpartitzen dutenak, eta ez herrigunea bakarrik, baita beste hainbat gauza ere, herritarrentzat oinarrizkoak diren hainbat zerbitzu konpartitzen baitituzte; Zumarragan kokatzen den osasun zentroa, besteak beste. Eta gaur, zerbitzu horren inguruan izan da notizia. Etengabeko Arreta Gunea egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzeko eskatu baitute herritarrek, beste behin ere, baina Zumarragakoek, Zumarragan, eta Urretxukoek, Urretxun.
COVID-19aren hedapena saihesteko Eusko Jaurlaritzak hartu dituen azken neurriek, ondoko udalerrira igarotzea ere mugatzen dute, beraz, salbuespenak-salbuespen, Zumarragatik Urretxura eta alderantziz egitea mugatuta dago. Horregatik eta nahasmenik ez sortzeko, bi zutabetan abiatu da 24/7 Platafomak deitu duen manifestazio, 12:00etan, bi herriek konpartitzen duten Emakumeen plazatik. Zumarragako zutabeak, Legazpi kalerantz egin du, udaletxe aurretik igaro, Soraluze kalea gainditu eta Sekundino Esnaolatik, Txindokiko plaza ingururaino. Urretxuko zutabea, aldapan gora joan da, eta Labeaga kaletik, Berrikiko bidegurutzeraino iritsi eta han, Zumarraga aldera hartu du. Eta hantxe, Urola ibaiaren gainean, bat egin dute bi muturrek.
Une horretan, Amaia Agirre plataformako ordezkariak hartu du hitza, eta herritarrei zuzendu zaie, baina baita eskualdeko alkateei ere: “Denok arazo bat dugu une honetan! Ez dakit gure jaun santu hauek azalduko zaizkigun babesa ematera, baina guk behintzat indartsu jarraituko dugu, kalean, ahal dugun bitartean, gure eskubideen alde!”. Ulertzera eman duenez, eskualdeko alkateekin biltzeko eskaera egin dute. Zumarragako alkate Mikel Serranok plataformaren eskaerari erantzun diola argitu du Agirrek, baina ez diela gauza berririk esan, hau da, egungo egoeragatik Etengabeko Arreta Guneak orain arte bezala jarraituko duela. Legazpiko alkate Koldobike Olabiderekin, asteazkenean direla biltzekoak. Urretxuko, Ezkioko eta Itsasoko alkateak momentuz ez diote plataformaren eskaerari erantzun, Agirrek berak azaldu duenez.
Horrez guztian gain, esan du, espero dutela, “Etengabeko Arreta Gunearen martxan aldaketak egotea laster, egunero eta eguneko 24 orduetan zabalik egotea, alegia, eta hori horrela ez den bitartean, mobilizazioekin jarraituko” dutela. Hilabeteko lehenengo eta hirugarren asteazkenetan elkarretaratzeak, eta hilabeteko azkeneko larunbatean manifestazioak egingo dituzte.
Bukatzeko, manifestaziora batu diren herritar guztiei “eskerrak” eman die, eta hurrengo deialdietan ere bat egitera animatu ditu: “Guztien artean bultz egiten ez badugu, gure eskaera ez da aurrera aterako, eta jakin badakigu, COVID-19ari ez diogula bi egunetan irabaziko, baina ezin dugu onartu, COVID-19az harago dauden gainontzeko gaixotasunak, bigarren plano batean geratzea, gaixo kronikoak, eta bestelako gaixoak, beraz, herritarrak, batera indar eginda protesta egitea beharrezkoa da”.