'Covid garaian ere, aktibatu zaitez!' programa aurkeztu dute
Ordiziar heldu eta adineko guztiei zuzenduta dago. Hiru ataletan banatu dira ekintzak: Jarduera fisikoak eta kulturalak; Informatika eta komunikazioa; eta, Osasuna eta ongizatea.
Covid garaian ere aktibatzeko mezua bidali dute Ordiziako Zuhaizti zentrotik. Bide horretan, aurtengo tailer eta ekintza programa aurkeztu dute. «Egitarau osoa eskainiko dugu», azaldu du Raquel Bravo Zuhaiztiko juntako zuzendariak. «Guretzako ezinbestekoa da adineko pertsonei zuzendutako ekintzak antolatzea, gure adinekoak osasuntsu mantentzeko, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere». nabarmendu du Ainhoa Jimenez Ongizateko zinegotziak. Haiekin batera aurkezpenean izan da, Odilo Rivela Majori kiroldegiko kudeatzailea.
Hala, ordiziar heldu eta adineko guztiei, batez ere erretiratu eta pentsiodunei, parte hartzeko deia egin diete. Izena emateko epea, otsailaren 5a arte dago zabalik.
Hiru atal
Hiru ataletan banatu dira ekintzak: Jarduera fisikoak eta kulturalak; Informatika eta komunikazioa; eta, Osasuna eta ongizatea.
Lehen ataleko ikastaroak honakoak izango dira:Adimena lantzen; Euskara Eskola; Jarduera Fisiko Lasaia; Pilates; eta Aktibatu Zaitez, Mugi!. Azkeneko bi ekintzak, Majori Kiroldegian egingo dira eta izen ematea ere bertan egin beharko da.
Bigarren atalari dagokionez, informatika eta komunikazioa, pandemia garai honetan, indar berezia hartu du internet bidezko komunikazioak, eta horregatik, eskaintza interesgarria dakartena. Arlo horretan trebatzeko, sare sozialak, bideo deiak, Whatsapp eta Facebooken sakonduko da.
Azken atalean, bestalde, La Caixa banku-fundazioaren eta Ordiziako Udalaren arteko hitzarmenari esker, beste lau ekintza antolatu dira. Topaketak eta tailerrak egingo dira, ahalduntzeko estrategiak eta tresnak partekatzen dira taldean, norberaren bizi-esperientziatik abiatuta eta bizitza pertsonaleko proiektu atsegingarri eta motibatzaile bat sustatuta. Horrez gain, Baikortasunean Bizi tailerrari esker, helduaroan bizi-proiektua garatzen laguntzen duten ezagutza, teknika eta trebetasun psikoemozionalak landuko dira. Zentzuz bizitzea COVID garaian tailerrean, bizitzako alderdi garrantzitsuei buruz hausnartuko dute; hala nola, galerak, zaintzak, bakardadea eta bizi-proiektua. Lagunen arteko irakurketa tailerrean berriz, solasaldiak egingo dira, non esperientziak eta begiradak partekatuko diren.