Goierriko lau udalerri batu dira 'Gipuzkoako Azoken Sarea' egitasmora
Foru Aldundiak abiarazi du proiektua, herrietako azoken etorkizuna bermatze aldera. Gipuzkoako 16 udalerrik osatzen dute sarea, tartean daude Ordizia, Legazpi, Beasain eta Zumarraga
Gipuzkoako Azoken Sarea jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzarekin, Landa Garapen Elkarteekin eta Elika Fundazioarekin elkarlanean Gipuzkoako herrietako azokak aztertu, indartu eta horien etorkizuna bermatzeko helburuarekin. Sare hori, 16 udalerrik osatzen dute momentuz, eta tartean dira Goierriko lau: Ordizia, Zumarraga, Legazpi eta Beasain. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak nabarmendu du, ekimena martxan jartzeko «une egokia» dela.
Herrietako azokei «bultzada» eman nahian sortu da egitasmoa. Bide horretan, azoka bakoitzaren etorkizunerako erronkak eta ekintza plana adostuko dira; eta guztien artean Gipuzkoa osorako ikuspegi orokor bat landuko da. Momentuz, 16 udalerrik parte hartuko badute ere, egitasmoa Gipuzkoa osora eta Araba eta Bizkaira zabaltzea da helburua.
Proiektua abiarazi duten 16 udalerriak ondorengoak dira: Azkoiti, Azpeitia, Arrasate, Beasain Bergara, Donostia, Deba, Eibar, Errenteria, Hondarribia, Legazpi, Oñati, Ordizia, Tolosa, Zarautz eta Zumarraga.
Proiektu hau gauzatzeko hiru enpresa aholkulari kontratatu dira, Elhuyar, Eurogap eta Ikertalde.
Euskadiko gobernu plana
Bittor Oroz sailburuordeak egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu: «Ekoizleen alde egiteko joera dator Europatik». Izan ere, «Europako Batzordeak, Europako Itun Berdearen esparruan, onartu berri duen Baserritik Mahaira Estrategiak elikagaien segurtasuna eta dieta osasuntsuak eskuratzea babestuko duen elikadura-sistema jasangarrirako trantsizioa defendatzen baitu».
Orozek gaineratu du «estrategia hori EAEko gobernu-planean txertatuta dagoela, eta elikagaien ekoizpen jasangarriagoa, osasungarriagoa eta seguruagoa bultzatuko duela, elikadurarekin gero eta sentikorragoak eta zorrotzagoak diren herritarren eskakizunei erantzungo diena, eta gure produktuekiko eta sektorearekiko hurbiltasuna eta konfiantza baloratuko dituena».
Horretarako, «ezinbestekoa da eragile guztien arteko elkarlana, publikoak zein sektorialak», eta aurkeztu berri dutenAzoken Sare hau: «Euskadi osora zabaltzea da asmoa, Euskal Azoken Sarea eratuz», azpimarratu du sailburuordeak.
Gipuzkoa aitzindaria
Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak nabarmendu du «Gipuzkoa aitzindaria» izango dela egitasmo honetan, «lurraldeko azoka kopurua eta hauek gizartean, ekoizleentzat zein erosleentzat, duten garrantzia dela eta». Gipuzkoako Foru Aldundia, «gure produktuei balio erantsi handiagoa emateko lanean ari» direla, «horiek eraldatuz eta berrituz, eta tokiko produktuen eta hurbileko salmentaren garrantzia nabarmenduz».
Arrutik gaineratu du Gipuzkoako Azoken Sarearen bitartez «bultzada handi bat eman nahi zaiela azokei, hausnarketa bat eginez, eta partaidetza prozesuen bitartez lan-ildo nagusi bat eta ekintza-plan bat sortuaz».