Osasun kontuan tentuz jokatzen ikastea helburu
Urretxuko eta Zumarragako Gainzuri ikastetxeko ikasleak mundu mailako Informed Health Choices egitasmoan parte hartzen ari dira. Helburua haurrek erabakiak egoki informatu ondoren hartzea da.
Zorioneko koronabirusak eta pandemiak zerbaitetarako balio izan badute, gizartea osasunaren eta informazioaren garrantziaz jabetzeko da. Urretxuko Gainzuri ikastetxean ere horretaz jakitun dira eta Informed Health Choices (informatu ondorengo osasun erabakiak) egitasmoan parte hartzea erabaki dute. Mundu mailako proiektu honen helburua haurrei informazio zuzena bilatzen irakastea da, osasunarekin lotutako erabakiak ondo informatu ondoren hartu ditzaten.
Egitasmo honetan Austria, Txina, Kroazia, Frantzia, Palestina, Alemania, Iran, Irlanda, Italia, Kenya, Mexiko, Zeelanda Berria, Nigeria, Norvegia, Polonia, Ruanda, Hegoafrika, Espainia, Suitza, Siria, Uganda, Erresuma Batua eta Amerikako Estatu Batuetako haurrak ere parte hartzen ari dira.
Euskal Herriak bi ordezkari ditu proiektu honetan: Donostiako Amara Berri ikastetxea eta Urretxuko eta Zumarragako Gainzuri ikastetxea dira.
Informed Health Choices egitasmoko lan taldeak haurrei baieztapen fidagarrien eta ez fidagarrien artean bereizten irakasteko baliabide didaktikoak prestatu ditu. Hala, ondo informatu ondoren, haurrek erabaki zuzenak hartu ahal izango dituzte.
Gainzuri ikastetxearen kasuan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak eta irakasleak parte hartzen ari dira. Euskaraz lan egiten ari dira eta horretarako osasun arloko lau profesionalen laguntza dute. Jose Ignazio Enparantzak eta Iratxe Urretak Donostialdea erakunde sanitario integratuko Epidemiologia Kliniko eta Ikerketa sailean lan egiten dute eta Eukene Ansuategik eta Marimar Ubeda zumarragarrak Donostialdea erakunde sanitario integratuko liburutegian.
Formazioa
Gainzuriko haurrak joan zen astean hasi ziren egitasmo honetan lanean. «Irakasleok ospitaleko medikuen formazioa jaso dugu eta joan zen astean inkesta bat egin genuen», azaldu du Nerea Urkiola Gainzuri ikastetxeko zuzendariak.
Gainera, hamar saio egin behar dituzte haurrekin. Astero bat, ikasturtea amaitu arte. «Lehenengo saioa astelehenean egin genuen. Saio bakoitzaren ondoren, balorazioa Donostiara bidaliko dugu. Ondoren, Donostian emaitzak jaso eta ikertu egingo dituzte. Amaieran, konparaketa bat egingo dute joan zen astean egin genuen inkestaren eta amaierako emaitzen artean», gehitu du Gainzuri ikastetxeko zuzendariak. «Ikasleen artean izaera kritikoa garatu nahi dugu», amaitu du.