Jairik gabe ere, ekintza ugariko urtea izango da
Aurten San Blas jaiak bertan behera geratu dira. Halere, hainbat ekintza antolatuko dituzte datozen hilabeteotan herrian. Igandean, Demode Quartet taldeak kontzertua emango du elizan.
Idiazabalgo San Blas jaiak ere bertan behera geratu dira aurten. Atzo izan zen San Blas eguna, eta gaur, beraz, San Blas Txiki eguna ospatuko lukete herrian jaiei amaiera emateko. Festarik ez dute izan idiazabaldarrek, baina hainbat kultur eta kirol ekintza antolatuko dituzte datozen hilabeteetarako.
«Festetan egiten diren antzerako ekintzak, baina urtean zehar banatuta», azaldu du Saioa Elorza jai batzordeko kideak. Hasteko, igandean Demode Quartet taldearen kontzertua izango da San Migel elizan, 19:00etan. Datorren asteko ostegunetik aurrera, berriz, Erroskilazaleen Kluba ipuin bildumaren ipuin kontaketak izango dira: lehenengoa, otsailaren 11n, Haur Hezkuntzako 3. mailako haurrei zuzenduta, 17:00etan eta 18:00etan.
Axari Dantza Taldearen argazki erakusketa ere egingo dute, Lake Oiarbideren eta Josemari Telleriaren argazkiekin, otsailaren 12tik 14ra, udaletxeko areto nagusian. Otsailaren 15ean, pilota partida egongo da, ikuslerik gabe, 22:30ean Igarondo pilotalekuan: Altuna III eta Mariezkurrena II, Aranguren eta Artolaren aurka. Martxoan, aldiz, eskulangileen erakusketa egingo dute. Iñaki Arriaran zinegotziak azaldu duenez «COVIDaren bilakaeraren arabera moldatzen» joango dira eta horren arabera zehaztuko dituzte datak.
Haur danborradak 40 urte
Iaz festak ospatzeko aukera izan zuten idiazabaldarrek, baina aurten festa garaiko ekintzarik ez dute egin. Haur danborradari dagokionez, 40. edizioa litzateke aurtengoa, baina ez dute ospatzeko aukerarik izan. Kepa Oiarbide antolatzaileak azaldu duenaren arabera, indarra hartu duen ekintza da: «Herritarren %10 inguruk hartzen du parte».
Goitibehera Txapelketak ere aurten urteurren borobila beteko zukeen: XX. txapelketa zen jokatzekoa. Saioa Elorzak 2016an eta 2019an – jokatu zen azkenekoan– hartu zuen parte. «Penaz goitibehera txapelketagatik eta festak ospatzeko gogoz geratuko garelako», esan du.