Lokalen araudia malgutu dute
Proposamenari iruzkinak egiteko epea asteartean amaituko da. GAOn argitaratu eta hamabost egunetara sartuko da indarrean, atzeraeraginezko izaerarekin
Beasaingo Udalak gazte lokalen araudia egokitu du. Orain artekoa gogorregia zelako kuadrilla askorentzat ezinezkoa zen baldintza guztiak betetzea eta euren lokala ez erregistratzea erabakitzen zuten. Halere, gutxieneko arau batzuk izan behar direla sinetsita daude udalean, segurtasun eta bizikidetza arazoak ekiditeko.
Araudi berria proposamen bat besterik ez da oraingoz. Proposamena Beasaingo Udalaren webgunean dago ikusgai, iragarki taula digitalen atalean. Asteartera arte proposamenari iruzkinak egiteko aukera dago. Behin fase hau gaindituta, araudia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta handik hamabost egunetara indarrean sartuko da. Atzeraeraginezko izaera izango du, hau da, jada zabalik dauden lokalei ere eragingo die aldaketak. Zabaltzeko guztiek izan beharko dute udaletxearen baimena eta arau berriak zorrotz bete beharko dituzte.
Arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke. Esaterako, lokala udalaren baimenik gabe zabaltzea arau-hurratze oso larria izango da. Kasurrik okerrenetan lokala itxi eginaraziko da eta urtebetean ezingo da gazte lokal bezala erabili. Gainera, 600 eurora arteko isunak jarri ahalko dituzte. Edonola, osasun egoeraren ondorioz, gazte lokalek itxita egon behar dute.
Gazte lokalen araudia
Aplikazio eremua
1. Lokalak bizitegi-eremuan egon behar du. Zoru industrialeko esparruak ekintza ekonomikoetara mugatzen dira.
2. Lokalak behe solairuetan egon behar du. Erdi sotanoetan eta solairuarteetan dauden lokalek kalerako irteera zuzena izan behar dute. Sotoetan lokalak eratzea debekatuta dago.Lokalaren ezaugarriak
1. Kalera irteera zuzena izan behar du.
2. Gutxienez, komun bat eta konketa bat izan behar du.
3. Instalazio elektrikoa ondo dagoela ziurtatzeko CIBT eta OCA ziurtagirietako bat eguneratua izan behar du.
4. Berogailu-sistema instalazio elektrikoari egokitua izango du.
5. Gutxienez bi su-itzalgailu izan beharko ditu: bata CO2koa eta bestea 6 kiloko hautsa, balio anitzekoa Ibilbideko 15 metro bakoitzeko balio anitzeko beste itzalgailu bat izan beharko du. Mantenimendua eguneratua izan behar da.
6. Lokalak aireztapen sistemak izango ditu. Naturalak edo mekanikoak izan daitezke.Erabilera
1. Aisialdira bideratutako lokala izan behar du: lagunekin egoteko eta harremanetarako lekuak izango dira, sozializazio guneak.
2. Lokala pribatua eta itxia izango da, non bakarrik alokatzen duten lagun taldeak eta hauek gonbidatutakoek izango duten sartzeko aukera.
3. Posible da telebista ikustea, jolastea, musika entzutea… Billarra, futbolina, ping-ponga eta antzekoak baimenduta daude.
4. Jarduera lokal barruan bakarrik gauzatuko da: ezin dira altzairuak kalera atera, ezin da kalean jolastu eta ezin da sarreran jende pilaketarik sortu; elkarbizitza izorratu dezaketen jarduerak ezin dira egin, ez eta higiezinaren egoera arriskuan jar dezaketenak. Material piroteknikoa eta sukoia ezin da gorde eta erabili; lokaletan ezin da sukaldatu; motordun ibilgailuak ere ezin dira gorde.Ordutegia
1. Igandetik ostegunera, 10:00etatik 22:00etara; Ostiraletan, larunbatetan eta jaiegun bezperatan, 10:00etatik 00:00etara.
Edukiera
1. Bi metro koadroko pertsona bat. Ezingo da inolaz ere kopurua gainditu.