Zeraingo santa eskea, hogeita hamar urtez
Aurten ez da Santa Ageda bezpera eguneko eskerik izan. 1991n eskea berreskuratu zutenetik iaz arteko argazkiekin osatutako bideo bat egin dute herritarren artean zabaldu eta festa gogoan izateko.
Santa Ageda bezperan eskean irten ohi dira etxez etxe Goierriko hainbat herritan, tartean, Zerainen. Aurten bertan behera geratu da festa, baina zeraindarrek gogoan izan dute Santa eskea. Azken 30 urteetako argazkiekin egindako bideo bat osatu dute herritarren artean zabaltzeko.
Zerainlabek, Uharka abesbatzak eta pintxo poteko jubilatuek antolatutako ekimena da. 1991n berreskuratu zuten eskea: «Aurretik galduta zegoen eta ordutik urtero irten gara», azaldu du Aitziber Makazaga ZerainLabeko kideak. Garai hartan Zerain biziberritzeko helburuz hainbat ekimen jarri zituzten martxan, eta horietako bat izan zen Santa eskea: «Ondare materiala berreskuratzen hasi zen, eta horrekin ondare immateriala berreskuratzea erabaki zen».
Arratsaldez egin ohi dute erronda, ordutegia dela eta. 15:00etan plazan elkartu eta bertatik abiatzen dira. Urtez urte txandatu egiten dute ibilbidea, herri osoan ibiltzeko astirik ez baitute izaten: urte batean Aizpea auzoan eta hurrengoan Barbari auzoan. Pixkanaka, taldea handituz joaten da herritarrak elkartuz doazen heinean. Trikitilari eta txistulariaren laguntzaz, etxez etxe ibiltzen dira, eta afari batekin eman ohi diote amaiera egunari: «Urtero herrian dauzkagun tabernak txandatzen ditugu non afaldu erabakitzeko».
Bildutako dirua ekimen desberdinetara bideratzeko erabili ohi dute. Iaz, azken urteetan egin bezala, bitan zatitu zuten jasotakoa: batetik, ZerainLabek abiatzen dituen ekintzetarako izati bat, eta, bestetik, Xabier Makatzaga preso segurarrari eta senideei laguntzeko izan da beste zatia.
Juana Alustizaren koplak
Aurtengoa ospatzerik ez dutenez izan, argazki bilketa bat egin dute azken 30 urteei errepaso eginez, eta 3 minutuko bideo batean jaso dute. Irudiez gain, abestia ere entzun daiteke ikus-entzunezkoan. Makatzagak azaldu du bertan agertzen den lehen doinua herritar baten koplak direla: «Juana Alustizak kantatzen zituen, Zeraingo koplak bezala ezagutzen ditugunak dira, galduta zeudenak eta duela ez hainbeste berreskuratu ditugunak».