Zuhaitz landatze garai bete-betean
Arbola landatzeko ez ezik, txertatzeko ere orain da garaia. Erretxina eta landareak aukeran dira. Erosleen artean azokako produktuen loteak eta orgak zozkatuko dituzte hilaren 10etik aurrera.
Abenduaren 16az geroztik Olanotik gorako kantoian Zubialde Patxakak sagarrondo landareekin etortzen da; saltzea du helburu baina pedagogia eginkizunetan ere aritzen da, asko du erakusteko, eta hurbiltzen zaion askok hainbeste ikasteko, beraz elkarren osagarri.
Azken urteetan poliki-poliki etortzeari utzi diote zuhaitz landare saltzaileek, 5 bat lagun izatetik orain bakarra, nafarra. 2019ko abenduaren 4an etortzen hasi zen Beintza-Labaiendarra. Ondorioz eskaintza murriztu da. Aldiz, bada Ordizian arbola landareak erosteko aukera: Goierriko Nekazal kooperatiban, Sindikaton askok dioten bezala. Adinaren arabera, 10,75 eta 19,75 euro artean. Hauta handia, hemengo betikoez gain, Mizpira, sagar, irasagar, udare, intxaur, piku… Baita hain ezagunak ez direnak ere, Kumquata esate baterako: «Izen bereko zuhaitz edo zuhaixka baten fruitua da, arrautza formakoa. Bere azala, laranja kolorekoa du, eta fruituak, 5 zentimetro inguruko luzera du, eta adarrera lotuta egoten den zatia, behealdea baino estuagoa du. Bere loreak, zuri kolorekoak dira, bost petalodunak, bakartiak edo launakako taldeetan, gehienez ere. Gainera, loreak, hermafroditak dira. Haziak, ez dira oso ugariak. Ohi, fruitu bakoitzak hazi bakarra izaten du. Haziaren kanpoaldea, zurixka da, eta, barrualdea, berriz, berdexka». (Wikipedia.org). Guzti horiek ere aukeran daude bertan edota enkarguz.
Inork txertoak egiteko erretxina behar izanez gero, plazan dagoen Arantxa Zurutuza aramarrak eskura jarriko dio. Berak etxean, aitak erakutsitako moduan, prestatua.
Eguterako mimosa loretan
Aramako Miren Jauregik postua dotoretzeko hainbat sorta ekarri ditu. Oraindik oso mimosa arbola gutxi ikusten da loretan. Bakoitzaren kokapenaren arabera loraldia lehenxeago has daiteke edota berandutu. Eguterako arbolak ikusten dira ia loretan edo loratzear.
Produktuak zozketan
Hilaren 10etik aurrera, eta bi astez behin, azokako produktuekin osatutako bi lote eta 4 orga oparituko dira, erosketa bakoitzeko betetzen den txartelen artean.