«Doinu rockeroagoekin gatoz, muturrera joan gara»
Bigarren diskoa kaleratu berri du Sin mala intencion taldeak, 'Cuando llueve demasiado' izenburupean. Gorka Lizaso taldearen liderra da eta entzuleei eskaintzeko daukanaz hitz egin du, besteak beste.
Lau urte pasa dira Sin Mala Intencion talde gipuzkoarrak lehen diskoa, Esas cosas (Rock CD Records, 2016), argitaratu zuela. Kontzertuekin eta bideoklipak eginez bi urte igaro ondoren, eta pandemiak beharturiko atzerapenarekin, Cuando llueve demasiado (Rock Izar Records, 2020) disko berria argitaratu dute. Villabonarra bada ere, Ordizian bizi den Gorka Lizaso abeslaria, taldearen ibilbidearen eta disko berriaren inguruan mintzatu da.
Musikazalea izan zara betitik?
Bai, txikitatik musika asko entzun izan dut, solfeoa ere ikasi nuen, abesbatza batean kantatu nuen, akordeoia ere jo dut, eta 15 urterekin kitarra jotzen hasi nintzen. Musika hor egon da beti!
Zein motatako musika entzun izan duzu?
Etxean, ama, pixka bat klasikoagoa da, Formula Quinta eta horrelakoak entzuten zituen. Aitak berriz, bluesa entzuten zuen asko, euskal musika, gaztelerazko rock suabea,…Beraz txikitatik denetik pixka bat eta ondoren ere, denetik entzuten dut.
Noiz piztu zitzaizun talde bat sortzeko ideia?
Oso gaztetan, ia, garbi nuen egunen batean musika proiektu bat martxan jarri eta disko bat grabatuko nuela. Abestiak sortzen, 16-17 urterekin hasi nitzen. Ordura arte, beste pertsona batzuen abestiak jotzen nituen, baina beti nebilkien buruan, abestiak sortzea. Gainera, idaztea ere oso gustuko izan dut betidanik. Beraz, eta esan bezala, 16 urte inguru nituenean hasi nintzen abestiak sortzen, baina 30 urte betetzearekin, krisialditxo bat izan nuen; hasi nintzen pentsatzen adin horretara arte egindakoak eta oraindik egiteko geratzen zitzaizkidanak. Ingurukoak ere xaxatzen hasita zeuden, lehen diska noiz grabatuko ote nuen galdezka. Beraz, une horretan nire buruari esan nion: «Momentua iritsi da!»
Eta horrela, Sin mala intencion taldea sortu eta lehen diskoa kaleratu zenuten.
Bai, hala da! 2016. urtean izan zen hori. Hamar abesti bildu nituen eta Esas cosas izenarekin atera zen.
Zergatik Sin mala intencion?
Askotan galdetzen didate, eta pentsatu izan dut erantzun bat asmatzea, ez baitu misterio handirik; hala bururatu zitzaidan, gustatu, eta izen hori jarri nion proiektuari. Esan dezakedana da, beti izan naizela bihurri xamarra, baina intentzio txarrik gabekoa. Pentsatu izan dut beti, hobe dela barkamena eskatzea, baimena eskatzea baino. Beraz, nire izaerarekin ere badoa izena.
Lehenengo disko hura nolakoa zen?
Nire gauzak biltzen ditu eta horregatik ere izenburua: Mundua nola ikusten dudan; maitasuna; desamodioa; eta beste hainbat gai.
Eta estiloari dagokionez?
Beti esaten dut pop-rock-a egiten dudala, baina bere zentzu zabalenean. Lehen diskoan dago egile-rocka, bluesa, country-a,… Nahiago dut etiketarik ez jartzea, mugatu egiten gaituelako.
Zure proiektu pertsonala da? Pertsona gehiago ere bazaudete?
Nire proiektua da, baina jende gehiago ere bagaude, talde bat gara. Zuzenekoetan, sei gara: Jabi Etxarri eta Iker Gutierrez gitarra jotzaileak; Santi Romano teklatuan; Maria Soriazu baxuan; Ibai Ros baterian; eta ni, ahotsa eta kitarra akustikoa. Tolosaldekoak, batzuk, Donostia inguruakoak beste batzuk, eta ni neu villabonarra banaiz ere, Ordizian bizi naiz aspaldi, beraz goierritarrak bi, garela esango dut, Iker Lazkaokoa baita.
Diskoak grabatzeko, kolaborazioak izan ditugu, bigarrenean adibidez, 20 bat musikarik parte hartu dute guztira. Musikari apartak guztiak!
Bigarren lanaz hasi zarela, nolakoa da?
Lehenengo diskoaren aurkezpen biran geundela, banituen abesti berriak, eta bigarren diskoaren ideia hortxe hasi zen. Aurrenekoaren ondoan, profesionalagoa da, soinuari dagokionez batez ere. Lezoki estudioan, Oiartzunen, grabatu genuen.
Abestiei dagokienez, aurrekoaren bidetik doa. Dena den, doinu rockeroagoekin gatoz, muturrera joan garela esango nuke.
Diskoa grabatzea nolakoa izan da?
2018ko abenduan erabaki genuen bigarren diskoa grabatzea. 2019ko apirilean sartu ginen estudiora, eta uztailean amaitu genuen estudioko lanarekin. 2019ko amaieran argitaratzea zen asmoa, baina pixka bat itxaron genuen. 2020 urtean sartuta, pandemia iritsi zen, eta horrek ere prozesua atzeratu zuen. Disko osoa kaleratu aurretik, bi single kaleratu genituen aurrerapen gisa. Disko osoa berriz, irailetik plataforma digitaletan dago. Formatu fisikoa, azken asteetako kontua da. Gogo handia nuen diskoa eskuetan edukitzeko, formatu fisikoak xarma berezia duela uste duen horietakoa naiz, barruko liburuxka hartu, begiratu, usaindu, bertan dagoen informazioa irakurri, abestien letrak,… Diseinua asko zaintzea gustatzen zait, Tamden Komunikaziokoek egin dute hori.
Bigarren diskoak Cuando llueve demasiado izena du…
11 kanta daude. Horietako 10, nik konposatutakoak, eta 1, Joaquin Sabinaren abesti bat da. Nik sortutakoen artean, euskarazko kanta bat dago, lehenengoz. Zu zara du izenburua eta Maider Zabalegirekin kantatzen dut. Aurrerantzean, euskarazko kanta gehiago egiteko asmoa dut.
Aurkezpen birarik egingo duzue?
Aurkezpen polit bat egin nahi dugu, Donostian, Lugaritz kultur etxean, nahiz eta oraindik ez dugun datarik. Egoera oso zaila da orain. Eta hortik aurrera, beste data batzuk ixtea espero dugu.
Kontzertuak antolatzeko ez dago erraza ez….
Gezurra dirudi! Politikariak harriak botatzen ari zaizkio kulturari. Neurri guztiak betez egiten dugu lan, eta erakutsi da kultura segurua dela.