Ez dago jai girorik, baina ez da ostiral buruzuri bat ere
Loinazko San Martin eguna da gaur baina ez da ekitaldi publikorik izango osasun larrialdia dela eta. Udalak balkoietan herriko banderak jartzeko eskatu du, egun berezia dela azpimarratzeko.
Ez dago odolki usainik Beasaingo kaleetan. Ez dago han hemenkako kofradien desfilerik, bakoitza bere koloretako txapelekin eta kapekin. Ez dago Aranealdeko omenaldirik eta festa girorik. Baina egun berezi da gaur, Loinazko San Martin eguna da. Beasainen festa eguna da gaurkoa.
Festa eguna da baina ez dago jai girorik, ekitaldi guztiak bertan behera gelditu baitira osasun larrialdirarengatik. «COVID- 19ak eragindako osasun krisiak babes eta segurtasun neurriak zorrotz betetzea eskatzen duenez jende pilaketak eragin ditzaken ekitaldirik ez antolatzea erabaki du udalak», azaldu dute. Beasaingo odolkiaren kofradiako 36. kapituluak itxaron egin beharko du eta ez da ohorezko kofradekiderik izendatuko. Bestelako ekitaldi gastronomikorik ere ez da izango; Aranealdek ere ez ditu elkarteko kide beteranoenak omenduko.
Beasaingo Udalak balkoietan herriko banderak zintzilikatzeko eskatu die herritarrei, «beasaindarron artean egun seinalatua izaten jarraitzeko asmoz». Gaurko egunez erail zuten Martin Loinazkoa, gurutziltzatuta, duela 424 urte. Gerora santu eta Beasaingo zaindari izendatu zuten. Festetan ere banderak jartzearen ekimen berdina antolatu zuten eta oso arrakastatsua izan zen.
Herri kirolariak, bakarrik
Loinazko San Martin egunaren bueltan herri kirol jaialdia antolatzen du udalak eta aurten eutsi diote saioari, baina publikorik gabe. Birusaren hedapena galarazteko araudiak ez du publikorik onartzen kirol ikuskizunetan. Euskal Telebistak grabatuko du saioa eta etzi botako dute, 16:00etan, lehen katean. Saioa grabatua izango da, lehia bihar eguerdian izango baita.
Alde batetik, Urrezko binakako aizkolari txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte Oier eta Xuban Kañamaresek, Ibai Soroak eta Txomin Amundarainek eta Luis Txapartegik eta Kepa Peñagarikanok. 27 enbor ebaki beharko dituzte, hiru izakeratara; bestetik, Urrezko harrijasotzaile txapelketako finalaurdenetako kanporaketa jokatuko dute Beñat Telleriak, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak eta Jagoba Otegik. Erabiliko diren harriak ehun kiloko kopa, ehun kiloko kubikoa eta ehun kiloko bola izango dira; nesketan Karmele Gisasola Zelai III.a bakarkako lanetan arituko da. Murumendiko pilota eskolako haurren partidak ez dira jokatuko.