Iturriotzek eta Arboniesek, Marotok eta Andramendi Ikastolak jaso dituzte Arteriaren dirulaguntzak
Arteria proiektuak Arterialdia jardunaldia egin du Legorretako udal antzokian. Urte honetarako ildoak markatu dituzte eta hiru proiektu diruz lagunduko dituztela iragarri dute
Amaia Iturriotzen eta Maite Arboniesen, Josu Marotoren eta Beasaingo Andramendi Ikastolaren proiektuak izan dira Arteriako dirulaguntzak jasotzeko hautatuak. Gaur eman dute aditzera ebazpena, lehen Arterialdia jaialdian. Bakoitzak 2.000 euroko laguntza jasoko du.
Arteria Plataformako lehen saria Iturriotzek eta Arboniesek irabazi dute. Lehena bertsolaria da eta bigarrena, marrazkilaria: “Bizitzan aurkitutako emakumeen aurpegiak marraztu zituen arkatzez eta, gero, akuarelarekin, naturako elementuak gehitu zizkien. Biolentzia handia jasaten duten bi elementu dira bai emakumea eta bai natura. Nik, irudi bakoitzari, poesia txiki bat egin diot”, azaldu du Iturriotzek bien izenean, Arboniesek ezin izan baitu sari banaketara agertu. Erakusketa formatuko lana da ondu dutena. “Gure asmoa da erakusketa batzuk sortzea, errezitaldi batzuekin, bai irudia eta bai hitza elkar hartuta”.
Bigarren saria, berriz, Marotorentzat izan da. Hunkituta jaso du saria, Omar lagun pakistandarra eta proiektuko protagonistetako bat alboan zuela. “2019ko gabonetan Pakistanera egindako bidaia bat du oinarri nire proiektuak. Han bildutako materialarekin zerbait egin nahi nuen eta Urretxuren eta Pakistanen arteko konekxioa nolabait erakutsi nahi nuen”, esan du. “XIX. mendeko bidaia koadernoen antzeko zerbait egitea otu zitzaidan”. Maiatzean erakusketa zabalduko du Urretxun, baina materialari liburu firmatua eman nahiko lioke laguntzarekin. Omarren eta bere emaztearen egoera ere salatu nahi du lanarekin, urtebete baino gehiago baita ezkondu zirela baina oraindik ere milaka kilometrotara bizi dira, elkar ikusi gabe, autoritateek ez baitiote Goierrira etortzeko baimenik ematen.
Beasaingo Ikastolak bereganatu du Arteriako bilatzailearen erabilera sustatzeko beka. “Sortzaile asko dago hemen, baita ere profesionalak. Gu hezkuntza alorretik gatoz. Ikasleek egindako proiektu bat da”, azpimarratu du Izaskun Salazar irakasleak, ikasle guztien ordezkari gisa. “Gazteei ere kulturaren mundura sarrera bat eman behar zaie. Ikasle eta guraso batzuen eskutik etorri zen Arterian proiektu bat aurkeztekoa”. Koreografia bat asmatu dute Aurtzaka dantza taldekoekin batera; ondoren, jantziak prestatu dituzte herriko beste sortzaile batzuekin, argazkiak ere egin dituzte… “Ez da gauza erraza halako proiektu bat garatzea” esanda ikasleei eskeini die saria.
22 proiektu aurkeztu ziren guztira, hemeretzi Arteria Plataforma atalean eta hiru Arteria Bilatzailearen sailean. Gehiengoak ikus-entzunezkoak izan dira, baina musikaren inguruko proiektuak, arte plastikoetakoak, litetarurakoak… ere aurkeztu dira. Jorretatutako gaiak, askotarikoak: Emakumea, emakumeenganako indarkeria, gizakiaren intimitatea, transexualitatea, naturarako eskubidea, etxegabetzeak, suizidioa, kulturaren irisgarritasuna, kultur aniztasuna, kulturartekotasuna, Mediterraneo itsasoko migratzaileen errealitatea, Saharako egoera, arrazakeria. oroimen historikoa, energia berriztagarria, II. Mundu Gerra… Erdiak gizonezkoek aurkeztu dituzte, zortzi emakumezkoek eta hiru gizarte eta kultur eragileek.
Urte honetan ere lanak bidaltzeko eskatu dute Arteriako arduradunek. Era berean, jasotako lan guztiak, sarituak ala ez, Goierriko txoko ezberdinetan ikusgai jartzeko konpromezua hartu dute.
Arterialdia
Lehen arterialdia jardunaldia izan da gaurkoa. Legorretako udal antzokia bete egin da. Antzerki emanaldiak, zuzeneko musika eta bertsoek girotu dute eguna. Maialen Akizu aritu da errimak josten: kuriosoa da kultura/kuriosoa da garaie/ ta Arteriak kontzeptutik/ ya ondo heltzen du gaie/ honek badauka bihotza/ odola eta esanahie/ baina arteriei ere/ jaten eman behar zaie; Goierrin bado natura/ Aralar e(re) alde du-ta/ Goierrik bado festea/ nahiz (e)ta garen gabetuta/ baina esan dezatela/ txoko hontaz galdetuta/ han sortzaile asko dare/ ta gaine(r)a saretuta.