Beasaingo hastapenak ezagutzeko bisita berezia egin dute Igartzan
Beasaingo patroiaren historia eta garai hartako Beasain eta Igartzako Monumentu Multzoa ezagutzeko aukera izan dute gaur goizean
Igartzako Monumentu Multzoko historia eta ondarea ezagutzeko bisita gidatu bereziak antolatu dituzte egun hauetan Beasainen. Gaurkoan bi galderen erantzuna ezagutzeko aukera izan dute bertaratu direnek; alde batetik Beasain herriaren hasiera 1615ean eta bestetik Beasaingo patroia izandako San Martin Loinazkoaren bizitzari buruzko gora-beherak.
Otsailaren 5ean, Santa Agedako bezperan, herriko patroiaren eguna ospatzen dute Beasainen, hots, Martin Loinazkoaren eguna. Bere bizitzari buruz jasotako lehenengo datuak Alkalako Unibertsitatean ikasketak hasi zituenekoak dira, bertan Teologia eta Arte (filosofia) ikasketak burutu baitzituen. Teologia ikasten ari zela, bokazio frantziskotarra sentitu eta Auñoneko nobizio-etxera alde egin zuen. Bere fedea barneratu ondoren, 1586ko maiatzetik aurrera Igokundeko Martinen izen erlijiosoa hartu zuen honek eta 1590. urtean apaiz bihurtu zen.
Hainbat joan-etorriren ostean, Japoniara bidali zuten San Martin itsasontzi portuges batean, baina garai hartan Sengoku Jidai izeneko samuraien guda zegoen bertan. Testuinguru aldabera honetan, jesuita edota frantziskanoak bezalako orden erlijiosoek beraien fedea herrialdean zehar zabaltzeko aprobetxatu zuten, baina Japoniako jauntxorik garrantzitsuenak mehatxutzat jo zuen kristautasuna. 1597ko urtarrilaren 8an jauntxo honek hogeita sei kristatu kondenatu zituen, eta honekin batera San Martinen heriotza etorri zen, heriotza odoltsua.