Jenderik ez eremu gorrian dauden herrietako kaleetan
Asteburu motela izan dute Mutiloan, Ormaiztegin, Seguran eta Zerainen. Ostiralean sartu ziren eremu gorrian, eta kaleetako giroa jaitsi egin da harrezkeroztik. Apenas ikusten da jenderik.
Osasun Sailak pasa den ostegunean erabaki zuen Mutiloan, Ormaiztegin, Seguran eta Zerainen neurri murriztaile zorrotzagoak ezartzea, Beasaingo osasun eremuak tasan 500eko muga gainditu ostean. Ostiraletik aurrera ostalaritza itxi, taldeko kirol entrenamenduak bertan behera utzi, eta Eskola Kirola eten beharra izan dute bertako herritarrek.
Gaur goizean eguzkia atera den arren, herritar gutxi izan dira eguraldia aprobetxatzeko kalera irten direnak. Neurri murriztaileen artean, ostalaritzaren itxieraren eraginak dira nabarmenenak Goierriko herrietako kaleetan. Segurako plazan lagun talde txikiren bat edo beste ikus zitekeen arren, nabaria da egoera ez dela ohikoa. Segurako egoera da gainera oraingoz larrienetako bat. Udalak ohar bat atera zuen pasa den astean herritarrei pandemiak herrian izandako igoera kezkagarriaren aurrean arduraz jokatzeko eskatuz, eta horrez gain udalak antolatutako ikastaro, jardunaldi eta ekintzak bertan behera utzi eta frontoia, Danon Gela eta liburutegia ixteko erabakia ere hartu zuten.
Mutiloan, Ormaiztegin, eta Zerainen ere oso gutxi izan dira gaur goizean kalean ibili direnak. Haur parkeak isilik zeuden eta ostalaritzari dagokionez, tabernaren batek edo bestek mahaiak kanpoan zituen arren, pertsiana botata zuten guztiek. Lau herri hauei neurri murriztaile zorrotzagoak ezarri zaizkien arren, Goierri garaiko hiru herri handiek ere eremu gorrian jarraitzen dute, Legazpik, Urretxuk eta Zumarragak.