Iruña-Veleia Martxan taldeak hitzaldia eskainiko du Zegaman
Aztarnategiari buruzko informazioa emateaz gain, azken urteotako aurkikuntzek sortutako eztabaida aztertuko dute.
Iruña-Veleia aztarnategi arkeologikoaren inguruko hitzaldia egingo dute etzi, osteguna, Zegamako Kultur Etxean, Iruña Veleia Martxan herri plataformak antolatuta. 19:00etan hasiko da. Batetik, aztarnategiari buruzko informazioa eskainiko dute: Brontze Aroa, erromatar garaia eta Erdi Aroa. Bestetik, azken urteotako aurkikuntzek sortutako eztabaida zehatz-mehatz aztertuko dute: epaiketan bi aldeek plazaratutako argudioak eta Iruña Veleia Martxan taldeak proposatzen dituzten irtenbideak azalduko dituzte.
Arabako piezak
2006an Arabako aztarnategian euskararen jatorria aurreratzen zuten grafitoak aurkitu zituzten, III. eta IV. mende artekoak, baina inskripzioen inguruko zalantzak agertu ziren eta Arabako Foru Aldundiak batzorde zientifiko bat osatu zuen argitzeko. 2008an piezak manipulatu zituztela ondorioztatu eta 2009an bide judizialari ekin zioten. 2020an Eliseo Gil Iruña-Veleiako zuzendariari eta bi kolaboratzaileri kartzela zigorrak ezarri zizkieten iruzurra eta dokumentuak faltsutzea leporatuta.