Izagirre anaiek eta Alex Aranburuk Proventzan hasiko dute denboraldia
Astana taldeko hiru txirrindulari goierritarrek Proventzako Tourrean parte hartuko dute, hilaren 11tik 14ra.
Gorka eta Ion Izagirre anaiek eta Alex Aranburuk ostiral honetan ekingo diote denboraldiari, Proventzako Tourrean. Lau eguneko itzulia da, eta hilaren 11tik 14ra jokatuko da.
Astana taldeko hirukote goierritarra Aleksandr Vlasov eta Alexey Lutsenko taldeburuak laguntzera joango dira. Vlasovek etapa bat irabazi zuen 2020ko Proventzako Tourrean eta bigarren egin zuen sailkapen nagusian; Lutsenko berriz, hirugarren gelditu zen.
Proventzako itzulirako taldea Omar Fraile bizkaitarrak eta Harold Tejada kolonbiarrak osatuko dute.