Lazkaon kirol ikastaroei ekingo diete berriz "segurtasun berme guztiekin"
Distantzia mantenduz, taldeak murriztuta eta garbitasun neurriak beteta egingo dituzte. Izena emateko aukera badago oraindik ere.
Koronabirusak eragindako etenaldiaren ondoren, bueltan dira kirol ikastaroak Lazkaon. “Segurtasuna bermatzeko behar diren neurriak” errespetatuz egingo dute, gainera. Ikastaroak kiroldegian bertan eskaintzeaz gain, online jarraitzeko aukera ere izango da. Jarduera etxetik egitea nahiago dutenek edota etxeratze agindua dutenek ere parte hartu ahal izango dute, horrela.
Lazkaoko Kiroldegiak segurtasun neurri guztiak hartu ditu ikastaroak martxan jarri ahal izateko. Derrigorrezkoa izango da ikasleen artean beharrezko distantzia mantentzea, baita garbitasun eta desinfekzio neurriak betetzea ere. Gainera, talde bakoitzeko partaide kopurua murriztu egin dute. Oraindik hasi gabe dagoen ikastaro bakarra ziklo indoor da.
Ikastaroetan parte hartu nahi dutenentzat, izena emateko aukera badago oraindik ere. Horretarako, kiroldegira gerturatu edo 943 08 51 93 telefono zenbakira deitu behar da.