PSE-EEk uraren gaian «gezurra» esatea leporatu dio EH Bilduri
Zumarragako fakturan zaborra ere agertzen dela esan du. Ura ez galtzeko egindako inbertsioak aipatu ditu. Faktura bidaltzeari uzteko arrazoiak azaldu ditu
Zumarragako EH Bilduk zumarragarrek ur horniduraren truke gainontzeko gipuzkoarrek baino gehiago ordaintzen dutela salatu zuen. Zumarragan Aquarbe enpresa arduratzen da ur horniduraz. EH Bilduk Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin lan egiten duten herrietako bizilagunek %40 gutxiago ordaintzen dutela esan zuen. Baita Gipuzkoan, batezbeste, %60 gutxiago ordaintzen dutela ere. Gainera, ia etxebizitzen erdira ez dela fakturarik bidaltzen salatu zuen. Hori dela eta, prezioa %40 merkatzea, etxebizitza guztietara fakturak bidaltzea eta zerbitzua publifikatzea eskatu zuen. Mikel Serrano alkateak prentsaurrekoa egin du EH Bilduri erantzuteko. Prentsaurrekoa bere alderdiko (PSE-EE) lau zinegotzirekin egin zuen.
Prentsaurrekoa larunbat eguerdian egin zuen, Zelai Arizti kultur etxean. Agerraldian, Serranorekin batera, Rosa Maiza, Nerea Errasti, Arantxa Gonzalez eta Jose Mari Bermejo gobernu taldeko kideek parte hartu zuten.
Zumarragako alkateak Gipuzkoako Ur Kontsortzioa ere ez dela enpresa publiko bat esan zuen. Eta EH Bildukoei sagarrak eta madariak nahastea eta nahita gezurra esan izana ere leporatu zien. «Zumarragarrok legazpiarrek baino %40 gehiago ordaintzen dugula esan zuten, baina Zumarragako fakturan zaborraren tasa ere azaltzen da eta Legazpikoan ez».
Inbertsioak
Bere esanetan, Zumarragan gehiago ordaintzen bada, beste toki batzuetan baino inbertsio gehiago egiten direlako da. «Ura oso baliotsua da. Preziatua da. Hori dela eta, alperrik ez galtzea bermatu behar dugu. Aquarberekin lanean hasi ginenetik, askoz ere ur gutxiago galtzen da. Lehen %17 galtzen zen eta egun %5a bakarrik galtzen da. Euskadin batezbesteko errendimendua %80koa da. Zumarragan, berriz, errendimendua %95ekoa da. Hori lortzea Zumarragako Udalaren ardura zen. Gainera, Zumarragako kontagailuen %98ak teleirakurgailua du. Teleirakurgailu hauek ohar bat bidaltzen dute ur gehiegi kontsumitzen dela edo ura galtzen ari dela ikusten dutenean. Horri esker, arazoa berehala konpondu dezakegu. Bestela, konturatzerako berandu izango litzateke».
Inbertsioekin lotuta, sareko ura baserri guztietara eraman dutela gehitu zuen. «Baserri batek su hartzen duenean arazo bat egon ohi da: bertako iturburua ez da nahiko sua itzaltzeko. Zumarragako Udalak ur sarea baserri guztietara helarazi du eta, horri esker, egunen batean sute bat egoten bada, sute hori itzaltzeko behar adina ur egongo da. Hori oso herri gutxitan esan dezakete».
Bukatzeko, paperezko fakturak aipatu zituen. «EH Bilduk faktura herritarren %49ak bakarrik jasotzen duela esan zuen. Hori paperezko fakturak murrizteko egindako kanpainaren ondorioa da. Kanpaina horri esker, 38.300 litro ur aurreztu ditugu, 1.253 tona CO2 gutxiago isuri ditugu eta 2.455 kilo egur gutxiago erabili dugu».
Bizilagunek paperezko faktura eskatzeko aukera dutela gehitu zuen. «Aquarberen bezero guztiek enpresaren gutun bat jaso zuten. Bertan, paperezko fakturak bidaltzeari utzi behar ziotela iragarri zieten. Paperezko faktura jasotzen jarraitu nahi zutenei, jasotzen jarraitzeko aukera eman zieten. Horretarako, eskaera luzatu behar zuten. Oraindik eskaera luzatu dezakete. EH Bilduk ingurumenaren alde dagoela esaten du beti eta orain udalari eta Aquarberi paperezko fakturak bidaltzeari utzi izana aurpegiratu die. Deigarria iruditzen zait».