Bertso berriak, luizi bati jarriak
Matxinbenta auzoan, Ezkioko lurretan kokatuta dagoen Zegaia baserrirako bidea itxi zuen luizi batek abenduan. Kaltetuetako batek konponbideak eskatuz egindako bertsoak asko zabaldu dira sare sozialetan.
“Ez dugu eskatzen autobiderik, ez degu nahi autopistarik, autoz lanera joan ta etorri ibiltzeko lain besterik”. Hala dio Matxinbentako baserritar batek, bideo baten bidez sare sozialetan zabaldutako bertsoetako batean. Abenduaren 12an izandako luizi batek Zegaia baserrira doan bidea eten zuen, eta harrezkero, ezin dute baserriraino ibilgailuz iritsi.
Muga lekua da Matxinbenta auzoa, Beasain, Ezkio, Beizama eta Azpeitia artean kokatuta baitago. Zegaia baserria, Ezkioko lurretan dago; bi bizitzako etxea da eta baserria erabiltzen dutenak azpeitiarrak dira. Bertso horien bidez, konponbideak eskatu dizkiote Ezkio-Itsasoko Udalari. “Zergak ordaintzeko bakarrik al naizen Ezkiotarra” galdetzen du, eta “beste baserrien gisan” tratatzeko eskatu.